Urte arrotz honen balorazioa egin du Tolosako udal gobernuak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 30a, 11:58

Hasieratik, udal baliabideak herritarren eskura jarri direla nabarmentzen dute, "aurreikusi gabeko egoera honi modurik eraginkorrenean erantzuteko, pertsonak eta beren beharrak erdigunean kokatuz, baliabideak zuhurtziaz eta ardurarekin kudeatuz, eta eragileekin, herritarrekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean".

Tolosako udal gobernuak urteko azken egunak baliatu ditu aurtengo urteari errepasoa egin eta 2020aren balorazioa egiteko. Olatz Peon alkatearen hitzetan, “urtea aurreikuspen batzuekin hasi, eta inoiz pentsatuko ez genukeen egoera batean murgilduta ikusi dugu geure burua; covid-19ak baldintzatutako urtea izan da, ezohikoa eta ziurgabetasunez betea; kudeaketarako konplexua bezain zaila”.

Udal jardun osoan izan du eragina koronabirusak, baita herritar eta sektore guztiengan ere. "Horregatik, pandemiak gurean utzitako ondorioei aurre hartu eta egitera bideratu ditugu udal baliabideak, gure indarrak eta ahaleginak, zuhurtziaz eta arduraz kudeatuz, gainerako erakundeekin elkarlanean eta koordinatuta, sektore ezberdinekin batera lan eginez, lankidetza izan delako eta delako oraindik ere egoera honi aurre egiteko bide bakarra", gaineratu du.

Neurri guztiak herritarrak erdigunean jarrita eta eragile ezberdinekin eta sektore guztietako ordezkariekin elkarlanean landu eta martxan jarri dituztela adierazten du. "Bilerak egin dira sektore eta arlo ezberdinetako ordezkari guztiekin, ostalariekin, merkatariekin, turismo arloko eragileekin, lehen sektorekoekin... euren benetako beharrak entzun eta horiei erantzuteko. Eta bide horretan, hainbat eta hainbat neurri hartu dira eta egitasmo berriak jarri dira martxan aurtengo urtean". 

Egoerari erantzuteko 50 neurri baino gehiago
Larrialdi egoera ezarri aurretik, martxoaren 12an, Prebentzio Mahaia eratu zuten, egoeraren jarraipen estua egin eta gerora beharrezkoak izan diren hainbat neurri hartzeko. "Neurri oso zorrotzak eta erabaki zailak hartu behar izan dira, gustukoak ez, baina aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak izan direnak".

Egun batetik bestera berrantolatu behar izan zuten udala, "modu telematikoan herritarrak artatzeko eta herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko, aurreikusi gabeko egoera honen aurrean tolosarren beharrei modurik eraginkorrenean erantzuteko". Martxotik apirilera, guztira, 50 neurri baino gehiago hartu zituen udal gobernuak, kolektibo ahulenengan, eta kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran zeuden tolosarrengan "arreta berezia" jarrita, horiei zuzendutako zerbitzuak berregokituz edota indartuz: indarkeria matxista jasaten duten emakumeei edota adineko pertsonei bideratutakoak, esaterako.

Gizarte Zerbitzuen alorrean ere laguntza lerroak indartu eta zerbitzuak areagotu dituzte, jangela sozialeko erabiltzaileen beharrei erantzuteko, elikagai bankuko elikagai banaketa osatzeko, etxez etxeko zerbitzua sendotzeko, kalean bizi diren pertsonak artatzeko edota adineko pertsonen bakardade egoerari aurre egiteko.

Itxialdian, online zerbitzu eskaintza nabarmen areagotu zen kirol eta kultur arloetan bereziki, Azoka Zure Etxera egitasmoa ere jarri zen martxan eta gerora, azoka egoera berrira egokitu eta segurtasun berme guztiekin aurrera eramateko hainbat plan, protokolo eta inbertsio egin ditu udalak. Eta garbiketa lanak nabarmen areagotu dira herritarren segurtasuna bermatzen jarraitzeko.

Suspertu Tolosa plana
Itxialdiak sortutako ondorioei aurre egiteko, 2020ko aurrekontua berregokitu eta 32 neurri barnebiltzen zituen Suspertu Tolosa plana garatu zuen udal gobernuak, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin. "Herritarrak babesteaz gain, Tolosa sustatzen jarraitzeko".

Plan honen baitan, hainbat laguntza lerro eta egitasmo jarri dira martxan azken hilabeteotan, hala nola, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreei bideratutako bonuak, autonomo eta mikroenpresen gastuei aurre egiteko diru laguntzak, inbertsioetarako diru laguntzak, Azoka Lagunak proiektua, Kultura Plazara egitasmoa, udako eta udazkeneko kultur programazioak eta Guztion artean Tolosatzen partaidetza prozesua.

Era berean, hitzarmena indartu da Tolosa&Co elkartearekin. "Aholkularitza eskaini da diru laguntzen kudeaketarako, ekintzailetza sustatzeko jarduera berriak antolatu dira eta obra publikoa ere sustatu da jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurri modura, ahal izan den neurrian aurreikusitako proiektuei ere eusteko".

Oposizioaren konfrontazio estrategia
Azken osoko bilkuran oposizioak egindako adierazpenekin eta urte osoan zehar, eta bereziki, azken hilabeteetan Tolosako EH Bildu udal taldeak izandako jarrerarekin "haserre eta kezkatuta" agertu da udal gobernua, "batasuna inoiz baino beharrezkoagoa izan den urte honetan oposizioak elkarlanari uko egin diolako".

Oposizioaren elkarlanerako borondatea "itxurakeria hutsa" izan dela diote. "Ez dute lankidetzarako borondate errealik izan. Beste helburu batzuk lehenetsi dituzte, helburu politiko, estrategiko eta komunikatiboak. Kanpora begira elkarlanerako borondatea azaldu nahi izan badute ere, udal gobernuarekiko jarrera guztiz bestelakoa izan da".

Bestetik, herritarrei mezu bateratuak emateko unean udal gobernuaren gonbidapen guztiei "uko egin dietela" azaltzen dute. "Urte osoan zehar, neurri eta proposamen berriak landu direnean, ez dute ekarpenik egin batzordeetan, eta urtea amaitzeko hilabete falta denean egin dituzte hainbat proposamen, udal baliabideak eta udal prozedimenduak kontuan izan gabe eta horiek errespetatu gabe, hedabideetan ateratzeko helburu hutsarekin, sakoneko lanketa errealik egin gabe".

Udal gobernuak azpimarratu du Tolosako EH Bilduk azken hilabeteetan aurkeztutako proposamenek "zehaztasun falta izugarria" izan dutela. "Esate baterako, merkataritza eta ostalaritzarako diru lerroa proposatu dute, zertarako zehaztu gabe. Hainbat bileretan proposamenak lantzeko eta zehazteko eskatu zaie, konpromiso hori ere hartu dute, baina ez dute ariketa hori egin; beraz, ez dute aurrekontuak negoziatzeko borondaterik izan".

Bizi dugun ezohiko egoerak "seriotasuna eta ardura" eskatzen dituela gaineratzen dute udal gobernutik. "Arduraz jokatzea da errealitateari lotutako eskaerak lantzea eta zehaztea, aurrekontuak aztertzea eta kontuan izatea, udal baliabideak ez direlako mugagabeak. Oposizioan zaudenean, inolako ardurarik izan gabe, erraza da proposamenak egitea, baina proposamen horiek nola gauzatuko diren, egingarriak ote diren edota horiek aurrera eramateko aurrekonturik badagoen aztertu gabe herritarrei proposamen horien berri ematea arduragabekeria da.

"Elkarlanerako borondate errealik ez"
A
zken osoko bilkuran, kreditu aldaketen aukera jarri zuen mahai gainean oposizioak, udal gobernuaren iritziz, "orain arte aipatu eta aztertu ere egin ez dutena. Likidazioa egiten dugunean ikusiko dugu zein kreditu aldaketa egiteko aukera dugun, baina une honetan, hurrengo urterako aurrekontuak lantzeko ariketa egin behar genuen, udal jardunerako erremintarik nagusiena delako. Egiari zor, aurrekontu proposamena lantzeko unean, EH Bilduk ez du lanik, ez ahaleginik egin beren proposamenak zehazteko, lantzeko eta aurrekontu proiektuan txertatzeko. Kritika hutsean geratu da oposizioaren papera aurrekontu proiektuaren negoziaketa eta lanketan, ez dagoelako elkarlanerako borondate errealik”. 

Halaber, egoerari aurre egiten jarraitzeko, batasuna eta lankidetza "ezinbestekotzat" jotzen ditu udal gobernuak, baita akordioetara iristeko "gaitasuna izatea" ere. "Orain arte bezala, zabalik izango ditugu elkarlanerako eskuak, horretarako benetako borondaterik bada”.

Amaitzeko, udal gobernuak adierazi du 2021ean ere "euren onena ematen" jarraituko dutela, "egoerari aurre egiten eta etorkizuneko Tolosa irudikatzen jarraitzeko", tolosarren beharrei erantzun eta herritarrei emandako hitza betetzeko. “Erabaki, neurri eta proiektu ororen erdigunean jarriko ditugu tolosarrak, elkarrekin aurrera egiten jarrai dezagun, inor atzean utzi gabe, udalak dituen baliabideak, zuhurtziaz eta dagokigun arduratik kudeatzen jarraituta, elkarrekin eta elkarlanean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!