Urtea ondo-edo hasi genuen. Ez, behintzat, joan den bezala, arraro. Kanpaikadak entzun ondorenetik, denbora betiko moduan zihoan aurrera, bere tik-tak hotsarekin. Etengabeko segundoen murmurioa, denboraren joanaren ezaugarri. Zorigaiztoko koronabirusa anekdota bat baino ez albistegietan. Betiko martxan. Ordea, gaitza iritsi zen guganaino ere, eta berarekin ekarri zituen beldurra, ustezko egia eta gezurrak, gaixoak, musukoak… eta martxoaren 14a. Itxialdia.
Klisk! Orduantxe atera nuen itxialdiko lehen argazkia, eta geroztik, argazkitan bezala joan zait urtea. Segundoen murmurioa izoztu balitz bezala, kliskadek hartu zuten tik-tak hotsaren lekua. Baina argazki horiek momentu izoztuak dira, non denboraren joanak zentzua galtzen duen.
Esango dizuet zein den urteko azken argazkia. Klisk! Aralar elurtuta. Gabonak pasatzeko baserrian auto-konfinatzea erabaki izanak agertokia aldatu baitit. Datorren urtearen erakusgarri ote?
Klisk! Lehen ekitaldiak ekainera arte atzeratzean. Klisk! Bideo-dei bidezko lehen lagunarteetan. Klisk! Erosketen aitzakian egindako lehen paseoetan. Klisk! Atzeratutako ekitaldiak bertan behera uztean. Klisk! Eguneroko txalo eta musika saioetan. Klisk! Ilunabarretako ibilaldietan. Klisk! Pixkanaka berriz kalea geureganatzean. Klisk! Sanjoanetarako prestakuntzen inguruko eztabaidetan (baina noiz iritsi da ba, ekaina?). Klisk! Teilatutik Izaskungo San Joan bezperako suari. Klisk! Egun seinalatu bat iritsi eta, ospakizun faltan, denbora badoala ohartzean. Klisk! Uda amaieran, ikasturte hasieran. Klisk! Berriz tabernak ixtean. Klisk! Entseatzeko debekuagatik bandak bakarrik eman ahal izan zuen Santa Zeziliako kontzertuan. Klisk! Inoizko Gabon afaririk arraroenean.
Esango dizuet zein den urteko azken argazkia. Klisk! Aralar elurtua. Gabonak pasatzeko baserrian auto-konfinatzea erabaki izanak agertokia aldatu baitit. Datorren urtearen erakusgarri ote? Aldatuko al da agertokia hemendik aurrera? Urtuko al da denboraren joan izoztua, Aralarko elurren antzera?