Hondakinen bilketari buruzko sentsibilizazio kanpaina abiatuko du udalak

Ataria 2020ko abenduaren 29a

Urtarrilean jarriko dute martxan, Gehiago eta hobeto birziklatu dezagun lelopean, urte honetan atzemandako arazoei konponbidea emateko eta hondakinen gaikako bilketa datuak hobetzeko helburuarekin.

Ingurumenaren kontserbaziorako gaikako bilketa egokia egitea ezinbestekotzat jotzen du Tolosako Udalak. Horrela, hondakinen gaikako bilketa datuak hobetzeko helburuarekin, eta aurten atzemandako zenbait arazori irtenbidea emate aldera, sentsibilizazio eta informazio kanpaina abiaraziko du urtarrilean.

Herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko hainbat kanpaina egin dituzte azken urteetan, eta urtero ekintza zehatzak egiten dira Eskola Agenda 2030 ekimenaren baitan, ikastetxeekin elkarlanean edota Hondakinen Prebentziorako Europako Asteari begira. Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana ere gauzatzen ari da dagoeneko Udala.

Helburuak lortzeko, ekintza zehatzak

Hondakinen gaikako bilketa datuak Tolosan bikainak izan arren (%70 inguru), horiek hobetzeko helburuarekin, herritarrak birziklapen ohiturei eutsi diezaien egingo da sentsibilizazio kanpaina, Gehiago eta hobeto birziklatu dezagun lelopean.

Era berean, itxialdiaren ondoren tamaina handiko hondakinen gaikako bilketaren inguruan hainbat edukiontzi gunetan atzemandako arazoari konponbidea emateko, hondakinak zein egunetan eta ordutegitan atera daitezkeen gogorarazteko informazioa emango da.

Gainera, merkataritza-sektoreak kartoiak biltzeko egungo sistemaren inguruan zalantzak dituela ikusita, horri buruzko informazio kanpaina ere egingo da. Kartoi komertziala sortzen duten saltokietara bisitak egingo dituzte ingurumen hezitzaileek, eta kalean ere egongo dira, bereziki puntu gatazkatsuenetan, herritarrei informazioa ematen.

Etxebizitza guztietara eta merkataritza saltokietara banatuko da tamaina handiko hondakinak zein kartoi komertziala bereizita biltzeko sistemaren inguruko argibideak emango dituen informazio-euskarria.

Gorotzak jasotzen ez dituztenei, isunak

Kanpaina honetatik kanpo, txakur gorotzen arazoari ere eutsi nahi izan dio udalak, eta gutuna bidaliko zaie txakur jabe guztiei, arautegia gogorarazteko. "Txakur jabeen ardura baita animalien gorotzak biltzea", azaltzen dute. Indarrean dagoen ordenantza betetzen ez bada isunak jarriko dituela gogorarazi du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!