27 milioi euroko aurrekontua onartu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 22a, 19:59

Herritarren gizarte babesa bermatzea, hiri ekonomia suspertzea eta kultura babestu eta komunitatea sendotzea izango dira datorren urterako lehentasunak.

Ostiralean egindako plenoan onartu zen udal aurrekontua, oposizioaren aurkako botoekin: guztira, 27.037.040 euroko poltsa izango du Tolosako Udalak, datozen 12 hilabeteetarako.

"Ezohiko" egoerari erantzuteko aurrekontua prestatu dutela esan dute. Hiru ardatz nagusi zehaztu dituzte: herritarren gizarte babesa bermatzea, hiri ekonomia suspertzea, eta kultura babestea eta komunitatea sendotzea. 

Zenbaki orokorra %1,24 jaitsi da iazko urte politikoarekin alderatuta. Aurrekontu osotik, 2.922.691 euro bideratuko dira Gizarte Zerbitzuen arlora; alor horrek, %9ko igoera izango du datorren urtean, eta lerro hauek indartuko dituzte:

  • 247.000 euro gizarte larrialdietarako diru laguntzetarako (iaz baino 82.000 euro gehiago)
  • 180.000 euro familiei bideratutako laguntzetarako (iaz baino 70.000 euro gehiago)
  • 322.217 euro familien esku hartzea eta gazteekin programarako (iaz baino 40.000 euro gehiago)
  • 12.000 euro Zutani taldeari diru laguntza elikagai bankuko banaketa osatzeko (iaz baino 3.000 euro gehiago)
  • 40.000 euro alokairu ordainketa errazteko diru laguntzetarako (lerro berria)

Enpleguaren eta ekonomiaren sustapena ere beste lan lerro nagusietako bat izango dela zehaztu dute. Lanbideren bitartez, langabezian dauden 30 urte azpiko bi pertsona kontratatuko ditu udalak, eta eskualdeko Enplegu Planaren baitan beste bi pertsona. Hiri ekonomia suspertzen jarraitzeko, honako ekimenetarako lerroak onartu dituzte:

  • 120.000 euro Suspertu Tolosa kontsumo bonu berrietarako
  • 40.000 euro Tolosa&Co elkartearekin egindako hitzarmenerako (iaz baino 10.000 euro gehiago)
  • 50.000 euro Azoka Lagunak proiektua sendotu eta indartzeko
  • 70.000 euro negozio berriak sustatzeko, merkataritza lokalen egokitzapenerako eta alokairurako diru laguntzetarako
  • 35.700 euro saltokien eskualdaketa bermatzen jarraitzeko Berriz enpresa programarako. 

Kultur jarduera sustatzen jarraitzea ere bada aurrekontuaren helburuetako bat. Hortaz, kultur programazioa bere osotasunean mantenduko dute, "herriko talde eta artisten lana babesteko". Herriko talde eta eragileei zuzendutako diru laguntza guztiak mantentzeko apustua ere egin du gobernuak.

Horrekin batera, komunitatea sendotzeko lanetan, gobernantza ordenantza berria garatuko dute, Tolosatzen herri aliantza abiaraziko dute urtarrilean eta Tolosatzen Eskola Irekiak ikasturte berriari ekingo dio.  

Proiektu estrategikoak

2019-2023 Legealdi Planean aurreikusitako proiektutan "aurrerapausoak" eman nahi dituzte, eta "aurten gauzatu ez diren zenbait obrei ere hasiera emango zaie": Zumardi Txikia, Kultur etxeko proiektua, Laskoain kalea eraberritzeko obrak, Euskal Herria plazako zorua berritzeko lanak, Paper kalearen berritzea, Gorriti plazaren txukuntze lanak, Usabalgo 3. fasea, bizikleta aparkaleku berriak, Emakumeen Etxearen eraikuntza eta Genero Indarkeriaren aurkako II. protokoloa, besteak beste.  

Eta trantsizio energetikoaren alorrean ere energia berriztagarrien aldeko apustua egiten jarraitu nahi du udal gobernuak. Besteak beste, hiribus elektrikoa, Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak, jasangarritasun energetikorako diru laguntza berriak, Ferialekuko eta Uzturpeko frontoiko eguzki plaken instalazioa eta led argiteria zabaltzea dira barne bildu dituzten proiektuak.   

Era berean, alokairua sustatzeko lan lerro berriak zehaztu dituzte datorren urterako. Batetik, alokairuaren ordainketa errazteko laguntzak emango dituzte, eta bestetik etxebizitza hutsak birgaitzeko ere diruz lagunduko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!