Imanol Rojok Europako Kopako proba bat irabazi du lehenengo aldiz

Imanol Garcia Landa 2020ko abenduaren 22a

Imanol Rojo, erdian, garaikurrarekin.

Italiako Formazzan lortu du garaipena eskiatzaile tolosarrak.

Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrak lehenengo aldiz irabazi du Europako Kopako proba bat. Italiako Formazzan izan da, 15 kilometro klasiko eran, larunbatean. «Oso pozik nago lortutakoarekin», esan du Rojok. «Gainera, ilusio handia egiten dit, klasiko eran delako eta normalean Eskandinaviako eskiatzaileek irabazten dute horrelako probetan. Gu normalean skatingean aritzen gara gehiago».

Horrez gain, igandean beste proba batean parte hartu zuen, hau ere Europako Kopakoa, leku berean. 20 kilometroko luzera zuen eta skating eran izan zen. Hamabigarren bukatu zuen eta hor ere lortu zuen emaitzarekin oso gustura geratu zen Rojo: «Irabazlearengandik zortzi segundora bakarrik geratu nintzen».

Denboraldi honetan egiten ari den lasterketen inguruko balantzea «oso positiboa» izaten ari dela dio tolosarrak, eta bide horretan jarraitzeko gogoz dago. «Orain, Eguberrietan etxera joango gara, eta atseden pixka bat hartuko dugu Tour de Ski ondo prestatzeko. Ea Munduko Kopan emaitza onak lortzen ditugun, Munduko Txapelketara begira konfiantza hartzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!