BABESTUTAKO EDUKIA

Lokal berriak sukalde berria ekarri dio Miren harategiari

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 22a, 11:58

Lekuz aldatu da Miren harategia eta atzo ireki zituzten ateak Nafarroa etorbideko 15. zenbakian; aurrerantzean eguerdietan ere zabalik izango da eta prestatutako jakiak egiten hasiko dira.

Pauso gutxi batzuk nahikoak dira Miren harategia 22 urtez kokatuta egon den lekutik lokal berrira iristeko. Nafarroa etorbideko 17. zenbakitik 15. zenbakira lekualdatu dira, eta atzo ekin zioten etapa berriari.

«Metro gutxitara, askoz metro gehiago» dituztela dio orain Miren Pagola harakinak. Izan ere, orain arteko lokala hirukoiztu egiten du harategi berriak. «Lokal zaharrean ez geneukan nahikoa leku, ez langileontzat, ez bezeroentzat, ezta jeneroarentzat ere». Bezeroen eskariei behar bezala aurre egiteko egin dute apustua, eta erronka berriarekin hasiko dute urtea, ilusioz.

Jendeak eskatutako guztia emateko aukerarik ez zutela ikustean hartu dute lekualdatzeko erabakia: «Azken batean, jeneroa nahi adina edukitzeko hozkailuak ere handiak eduki behar dituzu eta orain, harategi berrian, mostradorean aurrera eta atzera ibiltzeko leku gehiago izango dugu».

Sukaldea da espazio berriak daukan berrikuntza nagusia. Gabonetatik bueltan hasiko dira prestatutako «etxeko jaki goxoak» egiten. «Ikusi dugu jendeak geroz eta denbora gutxiago hartzen duela etxean sukaldatzeko eta sukaldea horretarako baliatuko dugu». Errazioetan edo soltean erosi ahal izango dira jaki horiek, nahieran.

Prestatutako jakiez gain, txorizoa, txistorra, Lesmesen txerriarekin egindako saltxitxak edota hanburgesak ere bertan egiten hasiko dira. Hanburgesen kasuan, bost motatakoak egingo dituzte: oilaskoarena, txekorrarena, espinakena, azenarioarena eta kalabazinarena. Eta nola ez, Miren harategiko berezitasuna diren kroketak egiten ere jarraituko dute sukalde berrian: urdaiazpikoarenak, onddoenak, bakailaoarenak, gaztarenak, mariskoarenak eta txipiroiarenak, besteak beste.

Gainerakoan, orain arteko produktuei egin diete lekua harategi berrian. Eta orain arteko bide beretik jarraitu nahiko lukete, inguruko jenero eta produktuak bertan eskaintzen.

Bezeroen aldetik, erosketak egiterako orduan izango dute aldaketa bat: aurrerantzean, esnekiak edota xerratan jarritako hestebeteak norberak hartzeko aukera izango du, bezeroen eskura jarri duten hozkailutik.

Ohi bezala, aurten ere, aurrez eskaera egiteko aukera jarri dute Gabonei begira. Eta eskaria egiteak, saria izan lezake gainera. 100 euroko balioa duen bi saski eder zozketatuko dituzte eskaerak egiten dituztenen artean; abenduaren 24an zozkatuko dute saski bat, eta abenduaren 31n bestea.

ORDUTEGIAN ERE ALDAKETA

Harategia zabaltzeko ordutegiari dagokionean ere badute berrikuntza. Orain arte eguerdietan itxi egiten zuten zerbitzua, baina orain 08:30etik 20:30era zabalik izango dituzte ateak. «Eguerdietan jendea iritsi ezinik ikusten genuen eta ordutegi berri honekin probatu egin nahi dugu, ea zer moduzko harrera duen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!