Tolosako Sarek hainbat ekimen antolatu ditu

Ataria 2020ko abe. 17a, 19:59

Lizartzako Sarek egindako ekimenaren irudia.

Asteburu honetan hasi eta urtarrilaren 9a bitarte antolatu dituzten egitasmo ezberdinetan parte hartzeko eskatu dute.

Milaka pertsonek hartu ohi dituzte Bilboko eta Baionako kaleak urtarrilero euskal presoen eskubideen alde egin ohi diren manifestazioetan. Aurten, ordea, pandemiaren eraginez, Sare Herritarrak mobilizazioak herriz herri egitearen aldeko apustua egin du, eta Tolosako Sare Herritarrak ekimen ezberdinak antolatu ditu urtarrilaren 9a bitartean egiteko.

Asteburu honetan, abenduaren 19 eta 20an, Tolosako Trianguloa plazan kartzela bateko zelda bat jarriko dute ikusgai, "ikusteko zein baldintzetan bizi diren urteetan zehar presoak". Abenduaren 24an, berriz, urteroko manifestazioari eusteko apustua egin dute eta 18:45ean izango da, Triangulotik abiatuta.

Urtea hasteko, urtarrilaren 1ean, Uzturreko tontorrean elkartzeko deialdia luzatu dute. Horretarako, 10:00etan Trianguloa plazan elkartuko dira, eta 12:00etarako Uzturrera iristea aurreikusi dute, bertan topa egin ahal izateko.

Eta urtarrilaren 9an, Bilbon elkartzeko aukerarik izango ez denez, Tolosan egingo den ekimenean parte hartzeko eskatu dute. Gainerako herrietan bezala, Tolosan ere 17:30ean egingo dute Zubitik Zubira ekimena. Tolosako Sarek atxikimendua eskatu diete herritar, talde eta eragileei.

Urte garrantzitsu baten aurrean daudela uste du Sare Herritarrak: "Salbuespen legediaren amaieraren aldeko gehiengo politiko, sindikal, instituzional eta sozialari, espetxe politikan Espainian zein Frantzian ematen ari diren aldaketak gehitu zaizkio". Hala ere, esan dute "bide luzea" dagoela oraindik aurretik, baina emandako urratsak aintzat hartuta, Euskal Herritik bide horri bultzada ematea "ezinbestekoa" dela.

ZER ESKATUKO ZENIOKE URTE BERRIARI? ZEIN DA BIDEA?

AIORA ZULAIKA SOROA, Pirritx

"Duela hogei urte Onditz Euskal Herritik urrun jaio zen, ama Maitane Martutenetik urrundu zutelako. Onditz Euskal Irrira plataforma sortu genuen orduan, euskal kulturgintzako hainbat eragilek, tartean sudurgorriok. Jaurlaritzak konpetentziarik ez zuela adierazi zigun. 2021a haurren motxilak hustutzeko urtea da".

"Maridomingik eta Olentzerok bakarrik ezin dute. Denon ahaleginarekin, haurrak, gurasoak, senideak etxeratuko ditugu. Bizikidetza dugu zain Euskal Irripublikan. Egunerokoaz gain, urtarrilaren 9an herrietako plazak beteko ditugu. Sudurgorrion alaitasuna ere bertan izango da".

BEÑAT ALONSO, gizarte hezitzailea

"Zalantza izpirik gabe, gutxienez honako hau eskatzen diot urte berriari: urruntze politika kriminalarekin (dispertsioa) behingoagatik amaitzea, larriki gaixo diren presoak etxeratzea, motxiladun haurrak gurasoekin etxean egotea eta gradu progresioa onartzea euskal preso guztientzat".

"Agerikoa da zenbait alderdi politikoek duten faltsukeria gai honen inguruan eta eskatzen diet hitz politetatik ekintzetara pasatzeko. Argazkian agertzearekin ez baita nahikoa. Bizikidetza eta bakerako bidean beharrezkoa ikusten dut testuinguru guztietan presoen gaia lantzea. Honela lortuko baitugu denon artean bidea egitea".

NAIA GABIRONDO, Ernaiko militantea

"Mendeku politika atzean uzteko eta dagozkien eskubideak errespetatzen hasteko garaia da. Lehenik eta behin, gaixo daudenak eta 3/4ak beteta dituztenak etxeratzea, eta beste guztiak beraien etxetik gertuen dagoen espetxera ekartzea, gure herriaren arnasa, babesa eta elkartasuna sumatu ditzaten. Hala ere, guztiak euren etxeetan egon beharko lukete". 

"Egunerokoan kezka ugari ditugun bezala, gizarte osoak kezkatu eta inplikatu beharreko gaia da. Herri honen aurkako injustizia handi bat bizitzen ari gara urte luzetan, beraz, mobilizatzeko, esparru ezberdinak ukitzeko eta elkarretaratzeetara batzeko deia egiten dugu".

JOSE MARI MUJIKA, LABeko eskualdeko arduraduna

"2021ari eskatuko nioke gure euskal preso guzti-guztiak, etxera ekartzea eta bereziki, gaixorik dauden presoak. Jada 30 urte dira salbuespen politika krudela aplikatzen zaiela euskal preso guztiei eta beraien senideei; bada garaia aldatzeko. Euskal gizarteak aspaldian ulertu zuen gaur egungo espetxe politika gainditu eta presoen urrunketekin amaitu behar dela".

"Kale eta instituzio guztietan borrokatzea dagokigu. Azken boladan ari gara mugimendu batzuk ikusten, norabide onean, baina ez dira nahikoak. 12 euskal preso besterik ez daude Euskal Herriko kartzeletan. Kalean egon behar dugu guzti-guztiak etxera ekarri arte".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!