Publikoa behar dute Gure Zirkuan grabatuko duten bideokliperako

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 17a, 07:59

Thierry Biscary abeslari baxenabartarrak Gure Zirkuan bideoklipa grabatuko du hilaren 21ean, astelehenean; parte hartzeko 14:00etan bertara azaltzea nahikoa da.

Abenduaren 21ean, astelehenean, Thierry Biscary abeslariak bideoklipa grabatuko du Gure Zirkuan. Horretarako 20 pertsonatik gora elkartu nahi ditu Gure Zirkuan bertan, eta boluntarioak nahi ditu. Biscary Kalakan musika taldeko sortzaileetako bat da, 2018tik bakarkako bidea egiten ari da, eta Muda izeneko diskoa argitaratu berri du. «Bideoklip bat nahi dut muntatu zirkuan, bideoklipeko pertsonaiak baduelako lotura zirku munduarekin», adierazi du abeslariak.

«Bideoklipeko protagonistak bizitza arrunta dauka, baina amaieran zirkuko pertsonaia bilakatzen da, bideokliparen amaieran festa bat dago, eta publikoa behar da festa hori irudian jartzeko», azaldu du Biscaryk. Gutxienez 20 pertsona elkartu nahiko lituzke, eta gehiago badira «gustura» izango da. «Denak izango dira ongietorriak», dio. Ez du bereizketarik egin, eta helduak, gazteak edo haurrak izan daitezke bideoklipean parte hartuko dutenak: «Zirku batera doan edozein pertsona izan daiteke».

Bideoklipean parte hartu nahi duenak, astelehenean bertan, 14:00etan, Gure Zirkura gerturatzea baino ez du egin behar. Gure Zirkua Tolosako San Esteban auzoan dago, eta gehienez ere ordu bat pasako dutela argitu du musikariak.

Thierry Biscary abeslaria Gure Zirkukoekin jarri zen harremanetan bideoklipa grabatu ahal izateko, eta «pozik» agertu da beraien erantzunarekin: «Eskuzabalak izan dira, eta oso lagungarriak, eta asko estimatzen da haien laguntza».

BAKARKAKO BIGARRENA

Bere izenean aurkezten duen lehen lana du Muda izenekoa artista baxenabartarrak. Baina bakarkako bigarren lana du Thierry Biscaryk, duela bi urte, Manez eta kobreak argitaratu baitzuen.

Bi hilabete da disko berria kaleratu zuela, eta Euskal Herriko hiri ezberdinetan aurkeztu ondoren, udaberritik aurrera kontzertuak eskaintzekotan da.

Kultur sortzaileentzat garai «nahasiak» direla aitortu du. Urte hasieran grabatzekoa zen bideoklipa, eta urte amaiera iritsi zaio lan hori egiterako.

Bizitzen ari garen egoera «onartu» egin behar dela aitortu du. «Egoera zaila» dela eta «oztopoak» jartzen dizkiela pandemiak, baina era berean, egin dituzten kontzertuetan jendea «goseti» dagoela sentitu du. «Gu bezalako sortzaileentzat garrantzitsua da publikoa hor dagoela eta zerbait entzun eta bizi nahi duela sentitzea; eta bistan denez, euskaraz. Guretzat asko da», azaldu du artistak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!