Babestutako edukia

Badoan urte gazi hau gozatzeko, gozoak eskura

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 17a, 11:58

Rafa Gorrotxategiren etxean aspaldiko gozogintzaren tradizioari eusten diote, betiko erara baina zapore berriak probatuz artisau turroia egiten dute.

Eguberrietarako eskaintza zabala egin du Rafa Gorrotxategi gozogileak. Artisau erara egindako turroia eta egunotan saltzen hasiko diren errege-opila dira garaiko produktu izarrak. Bezeroak eskuragai izango ditu Usabal industriagunean dagoen lantegian edota Korreo kaleko 17. zenbakian garai bateko Malumbres denda zegoen tokian.

1680. urtetik etxean ezaguna duten gozogintzaren tradizioari eutsiz jarraitzen du Rafa Gorrotxategik lanean, alboan bi semeak dituela. Enpresa txikia izan arren, nazioartean aitortza jaso du azken urtean. International Chocolate Awards sarietan aurten lehen aldiz txokolatezko turroiak hartu dituzte aintzat eta kategoria horretan Rafa Gorrotxategik bi brontzezko domina eta zilarrezko bat eskuratu ditu. Ardi latxaren esnearekin, eztiarekin eta intxaurrekin egindako trufazko turroiari, brontzezko domina horietako bat ematearekin batera, Great Taste aipamenetan bi izar eman dizkiote, mundu mailako jaki goxoenetako bat dela aitortuz.

Kalitatea du iparrorratz gozogile tolosarrak eta bere jardunean berrikuntzak txertatu arren, beti eduki du argi nondik datorren. Bertako produktuei keinu bat egin nahi izaten die sorkuntza berrietan eta horrela egin du Euskal Herriko etxeetan hain ezaguna den intxaur saltsarekin. Platerean, koilararekin jaten zen zopa hartatik abiatuta krema egin, eta mazapanaren geruza artean txertatu du. Eguberrietako eskaintzaren barruan, gehien eskatzen den produktuetako bat da.

ETENGABEKO BERRIKUNTZA

Aukera zabala du Rafa Gorrotxategik artisau turroien artean. Makadamia-intxaurra eta pistatxoekin egindako txokolate kaputxinoko turroia topatu dezake bezeroak edota hurrak eta abrikotearekin egindako txokolate karameluzkoa. Trufazko turroien artean, jogurta eta andere-mahatsekin egindakoa nabarmendu daiteke eta horrekin batera ron eta mahaspasadun trufa beltzekoa edo mandarina eta yuzuarekin egindako trufa txurikoa.

Rafa Gorrotxategirentzat irudimenak ez du mugarik, baina jakitun da berrikuntzak pixkana sartu behar direla, bezeroa aztoratu gabe. Duela hiru urte aurkeztu zen ruby txokolatezko turroiak izan duen harrera da horren adibide. Aitzindaria izan zen gozogile tolosarra produktu hau turroietan erabiltzen eta gaur egun zabalduta dago bestelako gozoetara ere. Jende gazteak bereziki gustuko du almendrekin, andere-mahatsekin eta marrubiekin aurkezten den ruby txokolatezko turroia.

2020. urtea aldrebes joan den arren, gozoa izaten ari da Rafa Gorrotxategirentzat. Urtean zehar hainbat ekitaldi bertan behera geratu zaizkion arren, Eguberrietako kanpaina martxa onean doa. Gainera, nazioarteko errekonozimendua jaso dute aurten bere artisau turroiek eta uztaila amaieran, Usabalgo industriaguneko pabiloian txokolatearen museoa zabaldu zuen. Ametsak betetzen ari zaizkiola ikustearekin asebetetzen da gozogilea.

Hain zuzen, jendearen penak gozatzeko asmoz sortzen dituen produktuak egunotan izango dira salgai Usabal industriagunean, Tolosako Korreo kalean eta baita Donostiako Narrika kalean Eguberrietarako zabaldu duen gozo dendan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!