Koronabirusa

Mugalariak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2020ko abe. 20a, 19:58

Zorionekoa ni paperak ditudalako. Nonahiko pandemiagatik eta autoritateek horrela aginduta herritar guztiok, hegoaldekoak zein iparraldekoak, mugikortasuna mugatuta dugu. Artaldearen kontrol galeragatik izan dela sinistuta edo.

Duela gutxi gehiegi pentsatu gabe egin genezakeen leku-aldaketak gaur egun ondo diseinatutako ibilbide bat aurreikustea eskatzen digu, besteak beste, mugako herriak identifikatuz eta pentsatu dugun ibilbidea mapa digitaletan kontsultatuz. Hori gutxi balitz, leku-aldaketa horietan zenbat denbora eramango ditugun kalkulatu behar dugu ere, gaueko hamarretarako etxean egon behar baitugu.

Egoera berri horren ondorioz ezagutzen ez nuen zaletasuna aurkitu dut eta ziurtagirien bildumagile fina bilakatu naiz. Tolosan lan egiten dudanez lanerako paperak egin dizkidate, ama ikusteko baimen bat eman didate, kirola egiteko beste bat egingo didate, eta horiei guztiei nire seme-alaben baimenak gehitu behar dizkiet. Txikitan osatzen genituen kromo bildumak haiek datozkit gogora, repeen zerrenda idatzi eta eskolako patioan trapitxera gisa aldatzen nitueneko garaien oroitzapena.

Euskaldun askok bezala, poliziak egin ohi dituen kontrol arbitrarioak jasan ditut, hala ere, paperak izanda ere, etxetik irtetean azaltzen zaila den sentsazio makur batean murgiltzen naiz. Poliziak geratzen banau? Zer esan behar dut? Nahiko justifikatuta dago nire desplazamendua? Lanetik etxera eta etxetik lanera ez bada, zertarako mugitu? Ilegala izatearen sentsazioa ote? Etxean nola sentitu naiteke ilegal?

Txikitan osatzen genituen kromo bildumak haiek datozkit gogora, 'repeen' zerrenda idatzi eta eskolako patioan 'trapitxera' gisa aldatzen nitueneko garaien oroitzapena.

Burutazio horietan nabilela enpatia ariketa egitea otu zait. Bestearen lekuan jartzeko ariketa, etorri berria denaren edota dagoeneko gure artean urteak daramanaren lekua hartuz: laneko baimena eskatzeko orduetako ilarak egiten duena, seme-alabak jatorrizko herrietatik ekartzeko borroka amaiezinean dabilena, bere formazioa justifikatzeko urtetan luzatuko diren homologazio tramiteak egingo dituena, etxebizitza bat alokatzeko edota erosteko erresidentzia baimena erakutsi behar duena… Pandemia amaituta ere, paperak erakusten jarraituko duena.

Haren beldurrak eta nire beldurrak berdinak ote?

Euskal Herria mugalarien lurra izan da, mugak gainditzen bizi den herria da; politikoki eta administratiboki banaturik egon arren mugatik igarotzen ikasi duen lurraldea. Mundu globalizatu batean bizi garela diote, baina mugak, harrizko mugarriak bezala, garbiak eta sendoak dira oraindik. Nire uste apalean, benetan gainditzen zailak diren mugak ?intolerantziaren, diskriminazioaren, klasismoaren, arrazakeriaren, matxismoaren mugak? gainditu ezean, beharbada nire paperak legalak izango dira, ez ordea justiziazkoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!