Zer sor dezake beste multzo plural horrek? Nortzuk dira? PSOE, Unidas Podemos eta oraingo estatu honetako estaturik gabeko nazioetako independentistak eta, agian, PNV bezalako autonomistak. Azken hori zaila ikusten dut, izan ere, PNVk bere helburu politikoak bete dituela esango nuke estatutu honekin edo autodeterminaziorik gabeko beste berri batekin eta Confebasken itsu-mutil lanetan aritzearekin, itxura guztien arabera. Erratuta egon nahi nuke, baina independentzia zaletasuna urruti ikusten dut EAJn, oso urruti.
Bigarren talde horrek lortu behar du, kontraesanak kontraesan eta zailtasunak zailtasun, 8-10 urtetan PSOE eta Unidas Podemos Madrileko boterean izanda, estatu europar aurrerakoia, autodeterminazioa ontzat joko duena, eta estatu errepublikano konfederatu plurinazionala. PSOEko Sanchezek esandako nación de naciones-en bidetik, Hego Euskal Herriarentzat estatutu berri bat egin behar da, autodeterminazio adostua gauzatzeko aukera emango duena. Estatu horretako gainontzeko nazioentzat berdin beharko luke. Hori lortzeko derrigorrezkoa dirudi Europako gainontzeko estaturik gabeko nazioekin elkarlan oso serio eta fundamentuzkoa bideratzea: Flandriarekin, Ipar Irlandarekin, Eskoziarekin, Kataluniarekin…
Zergatik horrenbeste denbora? Espainian pedagogia handia egin beharra dagoelako ideia hau, pixkanaka zer lortu nahi dugun, jendarteak ulertzeko. Urte asko pasa dituzte kontrako norabidean, hortaz, denbora behar du Espainiak Erresuma Batua, Kanada eta horiek bezalako demokrazia aurreratu bihurtzeko.
PSOEren barruan Sanchezen ideiak baroi nazionalista espainiar atzerakoien gainetik nagusitzea garrantzitsua da, baina, era berean, periferiaren etengabeko presioa beharko du bide horretan, beti ere, PSOE eta Unidas Podemos gobernuan mantenduta (modu bateko edo besteko gobernua izan liteke, koalizioa, alderdirik handiena sostengatuko duena programa adostuta…) eta gure eskaera nazionalentzat aurrerabideak etengabe lortuta. Oraingo legealdian, presoen gaia konpondu, bigarrengoan, estatutu berria erabakitzeko eskubidea Hego Euskal Herri osoarentzat (EAEk eta Nafarroak ontzat jo beharrekoa) eta horren gauzatzea Europarekin ere adostuta.
Horrekin batera, Espainiako Estatua errepublika bihurtzeko bidea jorratu ahal izango da, borboien subdito betiko izan ez gaitezen eta daitezen, monarkia hau berez baita ustela, argi eta garbi erakutsi duten bezala, eta militarunoa.
Duela gutxi onartutakoaren bidetik joan behar du, PPkoen lan erreforma ezabatzea, eta hemen, zorretan ahal den neurriraino sartu ahal izatea adostea, langile jendearen alde. Arazo nazionalaren gaiekin, berdin. Erne, presioa behar dute PSOE eta Unidas Podemosek, baina trifatxitoa oposizioan behar dugu, bestela galtzerdiak ere kenduko dizkigute, estatutua eta gainontzekoez gain.
Luzexkoa bidea, baina besterik ez dagoelakoan nago. Anestesia handia daukagu gainean beste biderik hartzeko, eta, aldatzekotan, gazteei borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil txertatu behar diegu eta beteranook eredu izan eta laguntzaile fin. Esnatuko ote gara bide ilusionagarri honi fundamentuz ekiteko? Seinale batzuk agertzen hasi dira.
«Espainiak ez du sekula dibortzio zibilizaturik izan. Zero. Eta iragana, maiz, etorkizunaren iragarle da». Ekin, ekin, ekin, beste biderik ez da.
«Lortezina bilatzen dugun heinean, egingarria ezinezko bihurtzen dugu» (Robert Ardrey). Egingarriaren garaian gaudela esango nuke, ez lortezinaren bila aritzekoan. Baina ez dezagun ahaztu gure ibilbidean Gemma Bel i Querqalten ondorengo esana: «Espainiak ez du sekula dibortzio zibilizaturik izan. Zero. Eta iragana, maiz, etorkizunaren iragarle da». Ekin, ekin, ekin, beste biderik ez da. Ibilbide hau probatu beharra dago; ea zer ematen duen!