Duintasuna elkarteak Ezpala gaztetxearen epaiketa bertan behera uzteko eskatu du

Ataria 2020ko abe. 16a, 12:06

Gazteekiko enpatia handiagoa eta autoantolakuntzarako aukera eta espazio gehiago sortzea beharrezkoa dela uste du pentsionisten elkarteak.

Tolosako Duintasuna pentsionisten elkarteak babesa adierazi dio Ezpala gaztetxeari, eta ostiralean egitekoa den epaiketa bertan behera uztea beharrezkoa dela esan du. Hala, gazteek autoantolakuntzarako eta beraien dinamika propioak sortzeko aukera eta espazio gehiago sortzea eskatu dute.

Duintasuna elkartearen ustez, ez da gaztetxea ixteko garaia; "ezta herritarrek beraien etorkizunaz librekin erabaki dezaten oztopoak jartzeko garaia ere". Izan ere, Duintasunak dio, egungo egoerak inoiz baino gehiago eskatzen duela "demokraziaren aldeko indar aurrerakoiak elkartzea, prozesu demokratiko bat irekitzea eragotzi nahi duten indar atzerakoiei aurre egiteko. Ikusi besterik ez dago militarren probokazioa eta Auzitegi Gorenak Bateragune kasuarekin hartu duen azken erabakia".

Hala, egoera hau "botere ekonomikoak, dirutza handiak dituztenak, bankariak, multinazionalak..." ari direla "baliatzen" uste du pentsiodunen elkarteak, "lapurretan oinarritutako politika ekonomikoa egiteko, eta ondorioz, pobrezia gehiago eta bizi baldintza kaxkarragoak sortuz gizartearen gehiengoarentzat, bereziki gazte eta emakumeentzat".

Ildo horretan, Toledoko Itunekoek Madrilgo gobernuari proposatu dizkioten gomendioek "pobrezia gehiago, lan baldintza okerragoak, etxebizitza duin bat izateko zailtasun gehiago, eta batez ere, sistema publikoa pribatizatzeko arriskua" ekarriko dutela diote: "Horregatik guztiagatik, pentsionistok ozen aldarrikatu nahi dugu, beharrezkoa dela murrizketen politikak gelditzea, kontuan izanda, hauen ondorioek bereziki eragingo dietela emakumeei eta gazteei".

Modu honetan, mugimendu ezberdinen arteko "borrokak eta aldarrikapenak" batzea ezinbestekoa da Duintasuna elkartearen arabera: "langileenak, kulturalak, feministak, pentsionistenak eta abar, Euskal Herriak herri bezala bere etorkizunaz iritzia eman eta erabakitzeko eskubidea izan dezan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!