Tolosa CF-ko gimnastak lehiatzen hasteko irrikaz daude

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 16a, 07:58
Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko lehen mailako taldea.

Klubeko talde nagusiak, lehen mailan aritzen denak, bi txapelketa ditu urtarrilean, eta horretarako prestatzen ari dira, maila horretan jarraitzeko helburua baitute.

Martxoko geldialditik ez dute txapelketarik egin Tolosa CF-ko gimnastek. Oraingoz, beraz, gimnastika erritmikoa erabat geldirik dago lehiaketei dagokionez. Hala ere, klubeko talde nagusia, lehen mailan dagoena, gogoz entrenatzen ari da txapelketak iristen direnerako. «Ez da erraza egoera honetan lana aurrera ateratzea», azaldu du Nerea Otaegi entrenatzaileak. «Baina, beraien gogoa eta ilusioa lehen mailan jardutea da. Kontuan izan behar da gimnasta askoren ametsa dela beraiek lortu dutena, eta dena emateko prest daude esperientziaz gozatzeko. Horregatik buru belarri ari dira lanean».

Egungo egoera kontuan hartuta, hurrengo lehiaketa noiz izango den zehaztea ez da oso ziurra. Gaur egun duten helburua urtarrilean aurreikusita dauden bi txapelketetara joatea da. Espainiako Kopa urtarrilaren 16 eta 17an izango da eta Espainiako Txapelketa urtarrilaren 23 eta 24an. Valentzian egingo dira, Colonial Sport zentroan. «Egungo egoerarekin ezin da jakin txapelketa horiek egingo diren eta bertan izateko aukera izango dugun», esan du Otaegik. «Hala ere, helburu bezala gimnastek bertan beren lana erakutsi eta gozatzea da». Hiru uztai eta bi mazekin egiten dituzte lehiaketako ariketak.

Lehen taldean zazpi gimnasta daude: Aitane Goikoetxea, Ane Alustiza, Irene Arbeloa, Onintza Sukia, Mara Herrera, Ismene Agirre eta June Azpiazu, eta 16 urte inguru dituzte. Tolosa CF da gimnastika erritmikoan lehen mailako taldea duen Gipuzkoako klub bakarra. Estatuan dagoen maila gorena da lehen maila, eta bertan izateko, Espainiako Txapelketan lehen hiru postuetan sailkatu behar da. Tolosa CF-k duela bi urte lortu zuen senior mailan ari zen taldearekin, eta iaz junior mailan ari zirenekin lortu zuten. Beraz, bi talde ezberdinekin eskuratu du lorpen hori, baina klub bakoitzetik talde bakarra egon daiteke lehen mailan. Lehen mailara igo daitekeen moduan, jaitsi ere egin daiteke. Hamabi eta hemezortzi talde artean izaten dira maila horretan, eta azken lauak sailkatzen direnak jaitsi egiten dira.

Lehen mailako gimnastak kirolari erdi-profesionalak dira eta hauekin kiroldegian entrenatzeko aukera izan dute, Usabalgo industrigunean duten pabilioiaz gain. «Maila honetan lan handia egin behar da, eta horretarako beren beharra asetzen duten lekuak behar dituzte», zehaztu du Otaegik. Talde txikia izan arren, distantzia mantentzeko egoera guztietan musukoa jantzita daramatela azaldu dute klubetik. «Gainera, gel hidroalkoholikoa erabiltzen da eta norberak bere materiala erabili eta desinfektatu behar du amaieran. Horrez gain, lokala aireztatzen da entrenamendu amaieran eta bitartean makina batekin inguru guztia desinfektatzen da: tapiza, aulkiak, paretak, aldatzeko lekua...», gaineratu du entrenatzaileak.

Lehen mailako taldeaz gain, Tolosa CF kluba adin guztietako gimnastaz osatuta dago, 5 eta 25 urte bitarte, hain zuzen ere. Beste talde guztiekin egon daitezkeen maila guztietan parte hartzen dute, eskola mailan A-B eta Udaberri mailan, eta estatu mailan oinarrizko eta absolutuko mailetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!