«Diskoak gure taldea zer den erakusten du»

Leyre Carrasco 2020ko abe. 16a, 07:59

20. urtemugaren harira, Alos Quartet taldeak eskainitako lau kontzertu bereziak baliatu ditu kaleratu berri duen '20 urte zuzenean' diskoa osatzeko. Xabier Zeberio taldekideak eman ditu diskoaren inguruko xehetasunak.

Alos Quartet taldeak bere 20. urteurrenaren harira eskainitako kontzertu berezietan grabatutako 20 urte zuzenean diskoa, taldearen bosgarrena, kalean da. Lau emanalditan grabatutako hemezortzi konposiziorekin osatu dute lana. Eta abestietan lagun izan zituzten artisten zerrenda ere nabarmendu dute. Xabier Zeberio (Tolosa, 1978), Alos Quartet laukoteko kideak lan berriaren nondik norakoak azaltzearekin batera, 20 urteko ibilbidea gogoratu du.

Nolakoak izan dira taula gainean igaro dituzuen 20 urteak?

Egia esan, azkar pasa dira. Atzo hasi ginela dirudi. Bidean gauza asko egiteko aukera eta zortea izan dugu; esperientzia asko eta desberdinak bizitzeko aukera, jende asko ezagutzeko zortea eta proiektu askotan murgiltzeko aukera eman digu gure ibilbideak. Disko honekin gure 20. urteurrena ospatzen ari gara, lau kontzertu berezi egin baikenituen, eta kontzertu hauetan grabatu genuen zuzeneko diskoa. 20 urte hauek laburbiltzen dituen diskoa dela esan daiteke.

Nolatan sortu zen zuzeneko disko bat egiteko ideia?

Egin dugun lehendabiziko zuzeneko diskoa da. Orain arte egindako lan guztiak estudioan grabatutakoak izan dira, estandarragoak. Lehenengo kontzertua duela urtebete egin genuen Gasteizko Principal antzokian Aitzina Folk jaiaren barruan, eta bertan gonbidatu pila bat izan genituen gurekin. Gure teknikariak Jean Fokasek kontzertu gehienak grabatzen dizkigu. Kontzertu hura multipistan grabatu zuen, eta ondo grabatuta gainera; kontzertuaren ondoren grabazioa entzuteko bidali zigun eta sorpresa izan zen. Emaitza bikaina zela konturatu ginen, eta orduan ikusi genuen beste hiru kontzertuak grabatu eta horrekin disko bat argitaratzeko aukera egon zitekeela. Emaitzarekin oso pozik gaude, pentsatu gabeko disko bat izan delako, baina badu besteek ez duten zuzeneko gauza berezi hori. Kontzertu horietan bizi izan genituen momentu berezi eta polit horiek nabaritzen dira diskoan.

20 urteko ibilbide luzea egin duzue. Diskoa osatu duten abestiak aukeratzea zaila egin al zaizue?

Bai, aukeraketa hori egitea ez zen erraza izan, maite ditugun doinu asko bidean geratu direlako. Hala ere, aukeratu hori egiteak merezi izan duela uste dut, diskoan agertzen diren abestiak bertan egotea merezi dutelako daudelako. Horiek dira abesti potenteenak eta gure bidea ondoen laburtzen dutenak.

'Ezpatadantza' izan zen da berriaren aurrerapen kantua. Abesti hori al da 20 urteko ibilbidea ondoen definitzen duena?

Ez dakit ondoen definitzen duen abestia izango den, baina urrutien iritsi dena bai; ezagunena, edo zabalduena izan dena, dudarik gabe. Duela 10 urte grabatu genuen Hamar tanta diskoan, eta askotan ez dakizu zergatik baina doinu batzuk barrura iristen zaizkizu eta Ezpatadantza-k bide oso emankorra izan du. Egia esan, asken momentuan erabaki genuen diskoa hau Ezpatadantza-rekin irekitzea, baina disko bat nola hasi jakitea ez da erraza. Kantu hau hainbeste aldiz jota eta hainbeste aldiz entzunda, asko maite dugun arren, pixka bat aspertuta ere bagaude. Hala ere, askotan ez gara gai izaten kanpotik nola jasotzen den ikusteko; dena den, uste dut asmatu dugula. Oso kantu esanguratsua da guretzat, alaia, indartsua eta zerbait berezia duena. Ondo erakusten du Alos Quartet zer den.

Zuk abestiren bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke? Zergatik?

Zaila da. Kantu bakoitzak momentu eta egoera batera eramaten zaitu. Kontzertuak oso bereziak izan dira, gehienbat gonbidatu guztien artean sortu den kimikarengatik, baita publikoarekin sortutako giroagatik ere. Gu hari laukote bat gara, ez gara pop talde famatu meinstring bat, baina guretzat oso polita izan da hainbeste jende elkartzea kontzertuetan; Victoria Eugenia edo Leidor bat leporaino beteta egotea eta publikoaren aldetik maitasun hori sentitzea. Kantu bat aukeratu beharko banu, nik badut bat oso maitea, Gasteizen Josu Zabalarekin eta Garirekin jo genuen Hertzainak taldearen Aitormena. Oso momentu errepikaezina izan zen. Betidanik maite izan dudan abestia da, bere garaian laukotearekin grabatu zena, eta aukera hori izatea beraiekin eta beraien herrian, Gasteizko Principal Antzokian oso berezia da. Bitxikeri moduan, horrekin geratuko nintzateke.

Disko berriak Alos Quarteten zuzenekoetako esentzia gordetzen duela azpimarratu duzue. Baina, aldaketa txiki bat egin duzuela ere aipatu duzue.

Gauzak bere garaian grabatzen direnean gerora bertsio bat izaten dute, eta urteen poderioz zuzenean jotzen dituzunean kantuak aldatzen joaten dira. Beren bidea eta beren aldaketa naturala egiten dute. Disko hau bere zuzeneko erakusgarria dela uste dut. Adibidez, diskoa ixten duen azken kantua A Ragtime izenekoa jendeak asko eskatzen diguna da, eta gure lehen diskoan grabatu genuen, duela 16 edo 17 urte. Pentsa, geroztik zenbat kontzertutan jo dugun eta zenbat aldatu den abesti hori. Hemen berriro ere gorde nahi izan dugu kantu hori. Badaude, era berean, Oreka TX taldearekin egin ditugun moldaketa berriak, Oskorri taldearen bi kanturen bertsio berriak edo inoiz grabatu ez ditugun doinu berriak. Denetarik dago. Taldearen ikuspuntu nahiko zabala eman diogu.


Euskal Herriko lau hiritan eskainitako kontzertuetan grabatutako abestiak dira diskoan bildu dituzuenak, tartean, Tolosan. Tolosakoak ba al du berezitasunik?

Tolosako doinu dezente daude diskoan. Kontzertu oso berezia izan zen. Ni tolosarra izanda, Tolosan bertan jotzea beti da berezia, baina askotan esaten da inor ez dela profeta bere herrian, eta kasu honetan duela urtebete, 2020ko urtarrilean, bertan jo genuen eta izugarri izan zen. Leidor bezalako areto bat, ia 800 pertsonarekin, leporaino beteta ikustea, eta jendea kalean sarrerarik gabe, hori izugarrizko oparia izan zen guretzat. Azkenean, ez dago gauza politagorik jendearen maitasun hori sentitzea baino; oso kimika berezia sortu zen Tolosako kontzetuan, bai gonbidatuekin, bai eta publikoarekin ere. Horregatik, Tolosako emanaldiko doinu dezente daude diskoan.

Urte berezia borobiltzeko lana da, beraz, argitaratu berri duzuena

Urte berezia, urte arraroa... Batik bat gure 20 urte hauek borobiltzeko lana dela esango nuke. Ospatu egin nahi genuen, eta ospatzeko modukoa dela uste dut, 20 urteko ibilbidea gu bezalako talde batentzat asko delako. Disko honek oso ondo borobiltzen eta erakusten du gure orain arteko ibilbidea. Izan ere, bertan, gure disko guztietako kantuak daude, bai berriak, bai eta zaharren bertsioak ere. Magia hori gordetzen du diskoak, publikoaren berotasunarekin batera. Estudioko beste edozein disko baino hobeto erakusten du disko honek zer den gure taldea.

Pandemiak gogor jo du kultura. Alos Quartet taldearen kasuan, nolako eragina izan du?

Guztioi bezala. Disko hau grabatu eta kontzertu batzuk egin ostean, berehala harrapatu gintuen. Gainera, azken bira honetako azken kontzertua Bilbon egitekoak ginen Loraldia jaialdiaren barruan, eta justu aste horretan konfinamendua hasi zen, beraz, plan guztiak atzeratu behar izan genituen. Diskoko laugarren eta azken kontzertu hau zortez urrian egiteko aukera izan dugu. Bitarte horretan, diskoa grabatzeko, forma emateko eta etxeko lanak egiteko aprobetxatu dugu. Zorionez, zorte onekoak gara lana ez zaigulako falta; kontzertuak egiten jarraitzen dugu eta grabaketa dezentetan murgilduta gaude, pelikulak eta soinu bandak, esaterako. Hemendik urte amaierara agenda bai mugitu zaigula dezente. Oso pozik gaude, disko berria esku artean dugulako, eta datorren urteari begira ere hainbat kontzertu baditugulako hitzartuta. Ez gaude kexatzeko.

Etorkizunera begira, zer proiektu ditu esku artean Alosek? Nola ikusten duzu taldea?

Disko honi ahalik eta oihartzun handiena ematea, eta ahalik eta etxe gehienetara iristea nahi dugu. Kontzertuekin jarraitzeko asmoa ere badugu. Aste honetan Berrizen izango gara, eta laster Irun, Sopela eta beste hainbat lekutan ere erakutsiko dugu gure musika. Musika eta dantza, Kimuak dantza konpainiako dantzariekin eta Amaia Elizaran dantzariarekin batera ariko garelako. Formatu handian gabiltza, ez gonbidatu handiekin baina bai sorta batekin. Datorren urteari begira, gure asmoa kontzertu horiekin eta ikuskizun honekin jarraitzea, eta hortik aurrera ikusiko dugu. Erritmoa pixka bat lasaituko dugu. Izan ere, azken hilabeteetan nahikoa lan izan dugu. Esan moduan, filmetako soinu bandekin segiko dugu; azkena Akelarre filmerako grabatu genuen duela hilabete batzuk, eta beste proiektu batzuetan ere bagabiltza. Oso gustura gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!