Elkartasun ufada, behar handia izan dezaketen herritarrentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 15a, 19:59
Laskorain ikastolako eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariak, atzo, ekimenaren aurkezpenean. JOSU ARTUTXA

Aurten ez da egingo Laskorain ikastolak antolatutako merkatu txikia; hala ere, lehengaiak bilduko dituzte, gobernuz kanpoko hiru erakunderekin elkarlanean.

Koronabirusak eragindako larrialdi egoerak, erabat baldintzatu zuen ikasturte hasiera. Horrekin batera, bizi dugun egoerak eraldaketa beharra ekarri du baita ikastetxeetatik kanpo ere. Urte sasoi honetan, gainera, ohikoa izaten zen merkatu txikia egitea Tolosan. 25. aldiz zen ospatzekoa aurten, baina, Laskorain ikastolak ez antolatzea erabaki du.

Hala ere, egungo testuinguru honetan, elkartasuna adierazi nahi die behar handiena izan dezaketen herritarrei. Lehengai bilketa egingo dute kultur etxeko areto nagusian (merkatu txikia egiten zen leku berean), Elkartasun ufada lelopean. Egitasmoa eraldatuko duten arren, edizio guztietan izan duten helburu bera mantenduko dute.

Larunbatean ekingo diote bilketari, eta astebetez egongo dira bertan: 19an eta 26an, goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (17:00-19:00); 20an, 21ean, 22an eta 23an, arratsaldez (17:00-19:00) bakarrik. Aurrez, ikastetxeko bi eraikinetan egiten ari dira bilketa, bertako ikasle, irakasle eta familiei zuzendurikoa.

Gizarteratu beharra

Ahalik eta bilketa handiena lortzeko asmoa dute ikastetxeko ordezkariek. Horretarako, hiru erakunderekin ariko dira elkarlanean aurten: Gipuzkoako Elikagaien Bankua, Gipuzkoako Caritas eta Zaporeak. Hiru erakundeetako ordezkariek elkartasuna lehengai bitartez adierazteko deia luzatu diete herritarrei: «Urte gogorra izaten ari da, eta egoera oso kritikoa da zenbait herritarrentzat».

Gipuzkoako Elikagaien Bankutik, olioa, gailetak, fardelak, haur jakiak, azukrea, kakao hautsa eta kontserbak eskatzen dituzte. Erakunde honek, 18.000 pertsona elikatu zituen pasa den urtean; aurten, berriz, 22.000 herritarrei elikagaiak ematera heldu dira. «Jakitun gara ezohiko egoera batean bizi garela, baina erantzun bikaina izan dugu», aitortu du Juanjo Amonarriz ordezkariak. Beste bi erakundeek egiten duten lana goraipatu du Amonarrizek. «Gure egitekoa errazagoa da, elikagaiak jaso eta banatzen ditugulako. Eurek, ordea, sekulako lanketa egiten dute».

Caritas erakundea da horietako bat. Datorren asteko bilketarako, toallak, galtzerdiak, musukoak eta gel hidroalkoholikoa eskatzen dituzte. Mota honetako ekimenak «esker onekoak» direla dio Jon Odriozola erakundeko kideak. «Testuinguru berezi honetan ere, aurrera egiten laguntzen du. Beharrezkoa da zenbait herrialdetan bizi duten egoera gizarteratzea, askotan, gainera, oso gertu ditugulako». Ikasleen harrera ere eskertu nahi du. «Abentura batean sartu dira, baina gerora, norberaren ibilbidea markatzen dute ekintza hauek».

Tea, konponbide

Bestalde, «errealitate ezberdinen betaurrekoak janzteko beharra» azpimarratu du Zaporeak elkarteko Irati Azkuek. Euren kasuan, arroz luzea, txitxirioak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atuna eta sardinak latan, oliba olioa, espezieak, esne hautsa, barra energetikoak eta tea eskuratu nahi dituzte. Pobrezia egoeran dauden lurraldeetan bizi duten errealitateak egunero bizirauten duela gogorarazten du Azkuek. «Hitzarmen ugari, gainera, bertan behera geratu dira».

Aurten herritar askoren ahotan egon den Moriako errefuxiatuen kanpalekuko (Lesbos uhartea, Grezia) egoera dakar gogora Azkuek. «Martxoan, 20.000 pertsona zeuden 3.000 lagunentzako edukiera zuen tokian. Orain errefuxiatu gutxiago badaude ere, (7.000 inguru), egoera ez da batere ona. Arazo lazgarriak izaten ari dira, hezetasun handia dute, eta ia ez dute gorputza garbitzeko aukerarik. Elikagai beroen beharra dute, hotz handia egiten duelako. Beraz, tea oso baliotsua izan daiteke», gehitu du.

Herrian isla izateko nahia

Lehengai bilketaren aurretik, ordea, Laskoraingo maila ezberdinetako ikasleek, errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute ikasgelan bertan. Askotariko GKE-ek haien proiektuen berri eman diete Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei: Tolosaldea Sahararekin elkartea, Baltistan fundazioa, Zutani-Tolosa elkartea, Kellesensa, SOS Arrazakeriak, Zaporeak, Gizalde Gipuzkoako Boluntariotza, Aita Mari eta Gipuzkoako Caritas.

Ikasgelan bertan ezagutu dute erakunde horien lana, baina orain, herrian isla izatea nahi dute. «Erakundeak babestea zein garrantzitsua den ikusi dugu. Orain, baina, jendea aktibatzea da helburua. Deia luzatu nahi diegu Tolosako nahiz eskualdeko herritar guztiei. Keinu txiki askoren babes zabala izan nahi dugulako», nabarmendu du Eneko Galartza ikasleak.

Bilketari ekin aurretik, denda, jatetxe eta salmenta puntuetan gonbidapen orriak eta informazioa banatzen aritu dira Batxilergoko zenbait ikasle. «Tokian tokiko bilketa kudeatzeko erraztasunak eskaini nahi dizkiogu herritar orori, boluntarioak ekarpen horiek jasotzera gerturatuz», dio Itxaropena Urkiola Batxilergoko koordinatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!