Urtarrilean ere, Gure Zirkuaz gozatzeko aukera izango da

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 15a, 18:40

Abenduko emanaldietako sarreren salmentak izandako arrakasta ikusita, egonaldia luzatzea erabaki dute. Horrela, urte berriko lehen bi asteburuetan, beste bost saio eskainiko dituzte.

Bazirudien urte amaiera zaila izango zela Olentzero, Mari Domingi eta errege magoen opariei zegokionez. Askoren zorionerako, baina, badirudi aurreratu egin direla opari batzuekin. Izan ere, 2021a hastearekin batera, Gure Zirkuaz gozatzeko aukera izango da. Berez, hilabete honetako asteburuetarako bakarrik zituzten aurreikusita saioak, hogeita bi guztira, baina deialdiak izandako erantzun bikaina ikusita, Tolosan jarraituko dute. Hamabi saio gehiago egiteko erabakia hartu dute. Izan ere, bi aste eskasean agortu ziren salgai jarritako 6.600 sarrerak.

Horrela, abenduan geratzen diren emanaldiez gain (18an, 19an, 20an, 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean), urtarrilaren 2an, 3an, 8an, 9an eta 10ean ere zirkuko artisten saioez gozatzeko aukera izango da. 8an, 19:00etan izango da; gainerako egunetan, berriz, 12:00etan eta 18:00etan. Emanaldietarako sarrerak eskuragai daude Gure Zirkuaren webgunean eta zirkuko txarteldegian bertan ere eskuratu daitezke (15:00etatik aurrera).

Ondorioz, hilabete eskaseko tartean, 34 saio eskainiko dituzte San Esteban auzoko aparkalekuan altxa duten karpan. Behin urtarrileko saioak eskainita, 107 emanaldirekin itxiko dute aurtengo bira berezia. Lehen bi biretan 65.000 ikusletik gora erakarri ostean uztailean abiatu zuten hirugarrena, helburuak eta ibilbidea egoerari egokituta. Bada, orotara, 32.000 ikusle baino gehiago biltzea aurreikusten dute.

Oraingoz behintzat, eta egoerak uzten duen bitartean, kultura segurua dela eta guztion artean babestu behar dela aldarrikatzen jarraituko dute, "orain arte bezala, segurtasun osoz, testuinguruak ahalbidetzen zuen normaltasunaren barruan, eta inolako arazorik gabe".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!