Ekintzaileen lehiakortasuna hobetzeko marketin aurreratuari buruzko ikastaroa

Ataria 2020ko abe. 14a, 16:32

Mondragon Unibertsitatearen eskutik, formakuntza jasoko dute Emari-Coworking gunean dauden ekintzaileek. Lau saio izango dira, hilabetero bat, eta beren ezagutzak sakontzeko aukera izango dute partaideek.

Gazteen ekintzailetza sustatzeko helburuarekin eta ekintzaileek erreferentziazko gune bat izan zezaten jarri zen martxan, 2018an, Emari Coworking zentroa, Oriaburu eraikinean. Alokatzeko bulego bat baino gehiago da Emari: elkarlana, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko lantokia da, ezagutza-trukea sustatzea eta elkarrekin ideia eta proiektu berriak sortzea helburu duena. Lanerako gune soila baino gehiago izan da hasieratik, zerbitzuak partekatzeko, lankidetzarako aukera berriak sortzeko inguru dinamiko, ireki eta malgua, autoenpleguko proiektuak garatzeko eta sarean lan egiteko espazioa.

Zentro honek ateak ireki zituenetik, hainbat jardunaldi eta topaketa egin dira bertan, eta orain, ekintza berriak jarriko dira martxan, ekintzailetza sustatzen jarraitzeko, hori baita Tolosako Udalak 2019-2023 legealdi planean jasotako konpromisoetako bat. Horregatik, Mondagron Unibertsitatearekin elkarlanean, marketin aurreratuari buruzko ikastaroak antolatu ditu udalak, bertan dauden ekintzaileentzat.

Abenduaren 16an hasiko dira formakuntza saioak, eta guztira lau eskainiko dira, hilero bat; hortaz, lau hilabeteko iraupena izango du ikastaroak. Formakuntza modu presentzialean eskainiko da, egungo segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta. Horrez gain, online aholkularitza ere jasoko dute parte-hartzaileek.  

Ekonomiaren digitalizazioaren eta globalizazioaren aurrean, ekintzaileen lehiakortasuna hobetu asmoz antolatutako jardunaldiak dira. Parte hartzen dutenak marketin aurreratuan gaituko dira, eta alor honetan dituzten ezagutzak sakontzeko aukera izango dute. Eskaintza berritzaileak, bezeroen beharrei lotutakoak landuko dituzte, metodologia ezberdinak erabiliz. Ikastaroaren amaieran ekintza plana garatuko dute; parte hartzen duten ekintzaileek, berriz, ziurtagiria jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!