Ezpala erabiltzen duten guztien "beharrak asetzeko" espazio baten premia dutela berretsi dute

Ataria 2020ko abe. 11a, 20:00

Tolosaldeko Gazte Fronteak prentsaurrekoa eman du, eta "antolatu ahal izateko, ekimen kultural, sozial zein politikoak gauzatzeko" egin dute aldarria. Bestalde, abenduaren 18rako, Ezpalaren aurkako epaiketa egingo den egunerako, antolatu duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Azken urteetan "Tolosan gaztetxe bat eskuratzeko" egindako okupazioak eta ondoren izandako irtenarazteen berri emanez hasi dute prentsaurrekoa. "2015eko uztailean Larramendiko fabrika hutsean eman zuen lehen okupazioa TGAk, eta honen irtenaraztearen ondotik etorri ziren Ezpalaren, Limusin etxearen eta gaur egun Euskal Herria plazako Bide-Bide hotela dagoen lokalaren okupazioak". Guzti horietatik "ertzain zein udaltzainek bota egin" zituztela azaldu dute, "eta jasandako errepresioa ere ez da makala izan". Horren adibide bezala jarri dute "asanbladako kide bat berriro epaitu izana joan den irailean, 2016ko Limusin etxeko irtenaraztearen harira, eta 1.500 euroko isuna jartzea ertzainei eragindako ustezko lesioengatik, irudiek garbi erakusten dutenean nork jipoitu zuen nor".

2019ko apirilean Ezpala berriro okupatu zutela ere azaldu  dute, "espazio baten beharrak bultzatuta". Ezpalan daramaten denbora horretan, garatutako ekimenak ez direla gutxi izan diote, eta ondorengoak aipatu dituzte: "Hitzaldiak, kontzertuak, zine emanaldiak, formakuntzak, gaztetxe eguna, ikastaro zein tailerrak, herri eskolak edota eraikina egokitzeko lan egunak". Jabearen salaketa eta epaiketa eguna okupatu eta hilabete gutxira etorri baziren ere, "epaiketaren data atzeratzen joan da arrazoi ezberdinagatik", baina jadanik epaiketaren eguna jakin dutela eta abenduaren 18an izango dela zehaztu dute.

Beste behin ere "ezaguna zaigun arrisku baten aurrean" daudela adierazi dute. "Badakigu zer den kalean aurkitzea, antolatzeko eta gure jarduna garatu ahal izateko inongo aukeratik gabe geratzea", zehaztu dute. "Gainera, nabarmena izaten ari da azken urte eta hilabeteetan garatutako antolakuntza eta adierazpen politiko ezberdinen jarduna eskualdean, eta guzti hauentzako ezinbesteko espazio bihurtu da Ezpala".

Bide horretatik, "antolatu ahal izateko, ekimen kultural, sozial zein politikoak gauzatzeko, eta oro har, Ezpala erabiltzen duten guztien beharrak asetzeko espazio baten premia" dutela berretsi dute. Hori horrela, epaiketaren ondoren Ezpalatik irtenarazteko arriskuan aurkituko direla diote, eta Ezpalak "usteltzen ari den fabrika abandonatu huts bat izaten" jarraituko duela gaineratu dute.

Tolosako Udalari zuzendu zaie, "behar ezberdinei erantzunak emateko duen erantzukizuna" seinalatuz, eta "era berean, udala izaten ari den zenbait jarrera" salatu dituzte. Besteak beste, "argazki erakusketa bat kalean aire librean egiteko baimenik ez ematea COVID-19aren aitzakian", edota "azken hilabeteetan Abastoseko bilera gelen inguruan izan duen borondate eta konpromiso faltaren ondorioz, hainbat eragile bildu ahal izateko aukerarik gabe uztea".

Agertu daitezkeen "behar ezberdinei erantzunak emateko determinazioa" izan dezala azpimarratu diote udalari, eta era berean, "espazio baten faltan aurkitu ditzakegun ezintasunei aurre egiteko elkar lanerako gonbidapena" egin diete "eragile, antolakunde zein kolektiboei".

Bide batez, abenduaren 18an, Ezpalaren aurkako epaiketa egingo den egun berean, Trianguloan, 19:00etan, egingo duten elkarretaratzera batzeko deia egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!