Eszena bonua, kulturaz gozatu ahal izateko

Ataria 2020ko abe. 11a, 15:34

Bonuak kultur ikuskizunetarako 10 sarrera deskontuarekin eskuratzeko aukera eskaintzen du. Saio bakoitzerako gehienez bi sarrera erabili ahalko dira eta bonuak ekainaren 30a arteko balioa du.

Eszena bonua aurkeztu du gaur, Tolosako Udalak. Arte eszeniko eta musika egitarauan biltzen diren ikuskizunetarako eta emanaldietarako 10 sarrera deskontuarekin eskuratzeko aukera emango du, antolatuko den saio bakoitzerako bi sarrera gehienez. 

Sistema berri honek hainbat abantaila dituela esan du Izarne Iglesias Kultura zinegotziak, eta zine bonuen erabilera sistema berdina izango duela: Tolosako Udalaren arte eszeniko eta musika egitarauko emanaldietarako 10 sarrera eskuratzeko balioko du eszena bonuak. Saio bakoitzerako gehienez bi sarrera erabili ahalko dira, eta bonuak 2021eko ekainaren 30a arteko balioa izango du. Abantaila nagusiena, ordea, prezioan egongo da: 10 saiotarako bonuak 50 euroko prezioa izango du, eta, hortaz, sarrera bakoitza erdi prezioan eskuratuko da. Kutxa Sarrerak webguneren bidez erosi ahalko da.
 

"Tolosako Udalak kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, kultur adierazpen guztiak sustatzeko. 2020 guztian zehar, eta batez ere itxialdi garaian eta ondoren, herriko artistak, eskualdekoak eta Tolosaz kanpokoak babesteko lan egin dugu, eta horren adibide dira antolatu ditugun ekintzak: herritarren eskura jarritako online baliabideak, udako zein udazkeneko programazioa, Kultura Plazara egitasmoa…”, esan du Iglesiasek.
 

Bide horretan beste urrats bat gehiago da Eszena bonuena. “Herritarrek kulturaz gozatzen jarraitzea nahi dugu, eta horretarako erraztasunak eman nahi ditugu. Ezena bonu berriek hainbat abantaila dituzte, eta horiekin herritarrak kulturara gerturatu nahi ditugu”, gehitu du. Hala, Kultura zinegotziak, udalaren izenean, herritarrak “kultura oparitzera” animatu ditu: “Gabon hauetan oparitu kultura, Eszena bonuen bidez edo bestelako edonolako formatutan, baina kultura oparitzera animatu nahi zaituztegu. Kalitatezko kultur eskaintza izango dugu herrian datozen hilabeteetan ere, haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako emanaldiekin, euskarazko egitarau zabal batekin. Beraz, jarrai dezagun kultura sustatzen eta kulturaz gozatzen”.

Kultur egitarau aberatsa

Kultura sustatzen jarraitzeko, neguko kultur egitarau aberatsa antolatu du Tolosako Udalak herriko beste hainbat elkarte eta eragilerekin batera. Hala, urtarriletik aurrera musikaz, antzerkiaz, bertsolaritzaz, haurrentzako emanaldiez, dantzaz… gozatu ahalko da Tolosan. Ikuskizun guztiak Leidorren izango dira, eta momentuko egoerak eskatutako segurtasun eta osasun neurriak kontuan hartuko dira une oro; ondorioz, baliteke jarraian zehaztutako ekintzetan aldaketak egotea.

Honakoa da antolatu den egitaraua:

 

DATA

ORDUA

IKUSKIZUNA

Urtarrilak 4

19:00

Ispirit: Euskalgospel

Urtarrilak 9

12:00 / 16:00

Goazen

Urtarrilak 13

19:00

Suakai: Luces, musical ¡Acción!

Urtarrilak 22

19:00

Txalo Produkzioak: Konpromisoa

Urtarrilak 23

16:00

Glu-Glu: Botadun katua

Urtarrilak 27

19:00

Kukai Dantza: Gauekoak

Otsailak 3

20:15

Imanol Jazz

Otsailak 6

12:00 / 16:00

Ene kantak

Otsailak 10

19:00

Aukeran Dantza Taldea: Biz Hitza

Otsailak 17

19:00

Euskal Barrokensemble

Otsailak 19

19:00

Nogen

Otsailak 24

19:00

Iñar Sastre – Jaboga Astiazaran: Arineketan

Otsailak 26

19:00

Tartean Teatroa: Ez dok ero

Martxoak 5

19:00

Txanogorritxotik otso emere (sei mutil medio)

Martxoak 12

19:00

Xabier Leteri Omenaldia : Loreak eta Zauriak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!