Tolosako Azokatik, Eguberrietako mahaira

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 11a, 10:50

Ama tabernako sukaldarien eskutik, Eguberrietako otorduetan jateko aproposak diren hiru errezeta kozinatzeko ikastaroa izango da, asteartean, Azoka Lagunak egitasmoan izena eman dutenentzat.

Aurten, ez da urtero ospatu ohi den Gabonetako Azoka Berezia egingo. Koronabirusaren ondorioz, bizi den egoera kontuan izanik, eta unean uneko arauak jarraituz hartu du erabakia udalak. "Tolosako eta eskualdeko herritarrentzat azoka berezi honek duen garrantzia kontuan izan da", diote udaletik. Hori dela eta, hutsune hori bete asmoz, Azoka Lagunak proiektuaren testuinguruan beste ikastaro bat antolatu da.

Ama tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldarien eskutik, Eguberrietako otorduetarako hiru errezeta kozinatzen ikasteko aukera eskainiko da, Tolosako Azokan bertan eros daitezkeen produktu ezberdinak erabiliz. 

Abenduaren 15ean izango da saioa, 19:00etan, kultur etxean, eta jarraitzeko bi aukera izango dira: presentzialki eta online, streaming bidezko bideo-emisioa jarraituz. Ikastaroa presentzialki jarraitzeko lekuak mugatuak ziren, eta agortu dira dagoeneko, baina online jarraitzeko izen-ematea irekita dago oraindik, Azoka Lagunak egitasmoan izena eman dutenentzat. Ikastaroa doakoa da eta udalak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.  

Ondorioz, udaletik gogorarazten dutenez, ikastaro honetan nahiz aurrerago antolatuko direnetan parte hartu nahi izanez gero, edota Tolosako Azokako produktu eta informazio esklusiboa jasotzeko, beharrezkoa da Azoka Lagun gisa izena ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!