Kalean dira 2021eko Mugi Tolosako egutegiak

Ataria 2020ko abe. 11a, 09:42

Datozen egunetan banatuko dira, 10:00etatik 12:00etara, Zerkausian: gaur, astelehenean, asteazkenean eta datorren ostiralean. Aurrerago, Udaten, Eko saltokian, anbulatorioan eta Usabal Kiroldegian ere eskuratu ahal izango da.

Laugarren urtea da Tolosako Udalak Mugi Tolosa egitasmoko irteeren argazkiekin osatutako egutegia argitaratu eta parte hartzaileen artean banatzen duela. "Gizarte ekimen kolaboratibo hau gizarteratzea da proiektu honen helburu nagusia, bertan parte hartzen dutenen poza ikusaraziz, belaunaldien arteko harremanen garrantzia nabarmenduz eta jarduera fisikoak ezberdinen arteko harremanak sendotzeko duen ahalmena balioan jarriz", azaltzen dute udaletik.

Mugi Tolosa egitasmoaren bidez egoera baztertzaile honi buelta ematea bultzatu nahi du udalak; are gehiago, aurten bizi izandako itxialdia eta egoera kontuan izanda. "Gero eta adineko gehiago dago bakarrik bizi dena, eta jarduera fisikorik egiten ez duena. Horregatik, gizarteari ezagutarazi nahi zaio herritar hauek laguntza behar dutela, elkartzeko gune bat behar dutela, maitatuak sentitu nahi dutela". Horretan guztian, belaunaldien arteko harremanek duten garrantzian egiten du bereziki azpimarra Tolosako Udalak.

Aurten, ordea, ezin izan da Mugi Tolosa egitasmorik egin, pandemiaren eraginez, baina udalak Adinkide elkartearekin elkarlanean, adineko pertsonen bakardaderari aurre egiteko programa jarri du martxan. Orain, berriz, ekimeneko irudi ezberdinekin osatutako 2021eko egutegiak banatuko dituzte. Gaur hasiko dira, eta hilaren 14an, 16an eta 18an ere banatuko dituzte. Zerkausian egingo dute banaketa, 10:00etatik 12:00etara. 

Udal langileekin batera, Gurutze Gorriko boluntarioak, Nagusilan, Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte erretirodunen taldeetako ordezkariak eta Ilarki elkarteko kideak ariko dira banaketan. Guztira, 500 egutegi emango dituzte aurten, horietatik 200 inguru, egitasmoan parte hartzen duten eragileen artean. Bestela, Udate herritarren zerbitzuan, Eko saltokian, Tolosako anbulatorioan edota Usabal kiroldegian eskuratu ahalko da egutegia, abenduaren 21etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!