Tolosako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, giza eskubideen urraketak ikertu eta jasotzen dituen www.tolosaoroimena.eus webgunea aurkeztu dute gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modurik zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera jarri dute martxan. Aurkezpen ekitaldian izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea, Javi Bueces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria eta Josu Txueka Historia Garaikideko Doktorea; azken honek Memoria Historikoa eta Giza Eskubideak hitzaldia eskaini du.
Dagoeneko argitaratu diren bi liburuetan jasotako testigantzak, 1939-1945 eta 1945-1975 bitartekoak, barnebiltzen ditu webguneak, baina berriak ere jasoko ditu, "webgune bizia delako, eguneratzen joango dena". Udalak azaldu du martxan duela gertuko memoria bilduko duen azken lana eta hortaz, testigantza horiekin ere osatuko dutela webgunea.
Horren harira, izandako giza eskubideen urraketen biktima guztien aitortza eta erreparazioa ahalbidetze aldera, “Polizia abusuen biktimei buruzko legea” ekarri du gogora alkateak eta jakinarazi du, lege horren babesean, biktimak aitortzeko eskaerak aurkezteko aukera oraindik ere irekita dagoela. Herritarrek eskaerak bideratzeko Egiari Zor Fundaziora jo dezakete eta udal webgunean eskura dute informazio eta dokumentazio guztia.
Giza eskubideen kultura garatu eta sakontzeko konpromisoa berretsi dute amaitzeko eta biktima guztiei babesa adierazi diete, “urte luzeetan gure gizartean izandako giza eskubideen urraketei erreparatzea eta horiek azaleratzea eta memoria berreskuratzen jarraitzea ezinbestekoa da elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko”.
Urteak lanean
Tolosako Udalak denbora darama, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, bizikidetza lantzen eta memoria berreskuratzen, Tolosako biktima guztiak gogora ekarri eta aitortzeko, memoria berreskuratu eta herritarrekin partekatzeko, elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko helburuarekin.
2006. urtean ekin zion Tolosak, herrian izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria gertaerak eta giza eskubideen urraketak aztertzen eta horiek ezagutzera emateko lanketa egiten. Geroztik, beste hainbat ekimenen artean, bi liburu argitaratu dira:
-
2011. urtean, Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian (1939-1945) liburua argitaratu zen.
-
2018. urtean, Tolosa 1945-1975. Giza Eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean 2.liburu alea.