Denbora luzez "bloketatuta" dagoen hitzarmena berritzeko eskatu dute

Ataria 2020ko abe. 10a, 11:58

Gaur eta bihar greba eguna dute zahar etxeetako langileek; goizean, elkarretaratzea egin dute Tolosako Plaza Zaharrean eta errekurtso bat aurkeztu dute udaletxean.

Gipuzkoako helduen egoitza eta eguneko zentroetan greba eguna dute gaur eta bihar. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute, gatazkari benetako konponbidea emateko. Elkarretaratzeak egin dituzte goizean; eskualdeko kasuan, Tolosan elkartu dira. Plaza Zaharrean egin dute mobilizazioa eta Gipuzkoako gainerako 29 herrietan bezala, Tolosan ere errekurtso bat aurkeztu dute udalean, "hitzarmenaren blokeoa salatu eta udalak ere interpelatzeko".

Lan baldintzak 2017tik berritu gabe dauzkatela salatu dute. Gipuzkoako adinekoen egoitzetako sektorea %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako sektorea dela azaldu dute, 5.000 langilek dihardutela lanean eta gehienak emakumeak direla. Gainera, esan dute, zerbitzu publikoa izanik, langileen %90 baino gehiago azpikontratatuta daudela, "gehienetan irabazi asmoak dituzten enpresa eta multinazionalen esku".

"Eredu horrek lan baldintza prekarioetan lan egitera eramaten gaitu, eta emakumeak izateagatik, azpikontratatutako beste zerbitzu publikoetan lanean diharduten lankide gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzea dakar", salatu dute. Adinekoek kalitatezko zaintza bat izan dezaten bermatuko dituen ratioetatik ere "oso urruti" daudela esan dute, eta egunero langileek jasaten dituzten lan kargak "jasan ezinak" direla.

Pandemiak egoera "are gehiago okertu" du: "Pandemiaren ondorio larriak jasateaz gain, besteak beste, kutsatzeak, beldurra, antsietatea edo kalte psikologiko emozionalak, ez dute zerbitzua langile gehiagorekin indartu". Langileen bajak ez direla ordezkatzen ere salatu dute.

Hori horrela, soldata arrakala eta prekaritatearekin amaituko duen hitzarmen bat eskatu dute, baita zaintza duinagoa egingo duten ratioak ere. Esan dute Aldundia sektorerako plan bat prestatzen ari dela, baina kezkatuta agertu dira bertan jarri dituzten baliabideetan hitzarmen eta ratio igoera finantzatuko duen partida nahikorik ikusi ez zutelako.

Olatz Peon Tolosako alkateari LAB eta ELAk errekurtsoan eskatu diote herrian dauden egoitza eta eguneko zentroetako langileen aldarrikapenak kontuan har ditzala. Horretarako, Markel Olanori ere sindikatu eta langileen ordezkariekin bilera bat egin dezala eskatu diete, "denbora luzez blokeatuta dauden hitzarmenak berritzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!