Bizitzan zehar pasatzen diren doluez eta horren kudeaketaz, hitzaldia

Ataria 2020ko abe. 10a, 11:00

Txikitatik hasita doluaren prozesu ezberdinak bizi ohi direla dio Maider Etxeberria psikologoak; gertuko norbait hiltzean eta beste hainbat unetan pasa behar izaten da dolua.

Doluaren inguruko solasaldia gidatuko du Maider Etxeberria psikologoak, gaur, 18:30ean, Tolosako kultur etxeko aretoan. Altzoan guraso elkarteak antolatu du, doluaren inguruko jokabideetan familiei laguntzeko. Doluan eta galera afektiboetan aditua da Etxeberria eta galera horiek nola kudeatu eta gaiaren inguruan dauden aurreiritzi eta zailtasunen inguruan ariko da.

Dolua pertsona orok egiten duen ibilbide bat bezala definitu du Etxeberriak, "prozesu bat". Askotan, maite dugun norbait hiltzearekin lotzen dela dio, baina ez dela hori bakarrik: "Txikitatik hasten gara dolu desberdinak edukitzen; adibidez, haurtzaroa utzi eta pubertarora pasatzean, gurasoak banantzean, lan aldaketa batean, herrialdez aldatzean, eta emakumeon kasuan ere, hilerokoa jaistean, ama izan edo ez erabakitzean, bularra emateri uzten zaionean edota menopausia datorrenean". Errealitate berrietara egokitu egin behar izaten dela esan du. Egokitze horretan, emozioak gertatzen dira, eta horren inguruan ariko da Etxeberria hitzaldian.

"Naturala eta unibertsala" da dolua. "Jaio egiten gara eta jaiotzen garen momentutik dakigu hil egingo garela", azaldu du psikologoak. Frank Ostaseski autoreak Las cinco invitaciones liburuan idatzitako pasarte bat du oinarrian hitzaldiak: "Maitasuna eta heriotza dira ematen zaizkigun oparirik handienak; ia beti jasotzen ditugu baina ez ditugu irekitzen". Etxeberriak ere uste du maitasunaren eta heriotzaren prozesuak «benetan opari bat» direla, baina esan du mendebaldeko kultura ez dagoela gauza horietara ohituta: "Ematen du beti bizi egin behar dugula, kosta ahala kosta, eta heriotzaren momentura iristen garenean kontzientzia handirik gabe iristen gara".

Hitzaldiaren azken partean heriotzaren eta gizartearen arteko harremanen inguruan hitz egin ohi du. Dolua bizitzeko erak izan dituen aldaketez ariko da: "Urteak atzera, heriotza gertuago bizi zuten, baina medikuntzan gaur egun ditugun aurrerapenekin sentitzen dugu hilezkorrak garela". Lehen, norbait hiltzen zenean, gorpua etxeetan gordetzen zen egun batzuetan, beilatu egiten zen, eta horri garrantzia eman dio psikologoak: "Hil zen horren bizitza ospatzen genuen, agurtu egiten genuen eta momentu horiek garrantzitsuak ziren pertsona hori berriro gure bizitzan ez dela egongo asimilatzeko". Orain, hori guztia etxeetatik kanpo atera dugula esan du. "Berriro ere garai bateko erritual asko berreskuratuko nituzke".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!