«Gutxitan hitz egiten da emakume sortzaileen kasuaz»

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 12a, 07:58

Duela bospasei urte idatzitako narrazioei aurten idatzitakoak gehitu eta Lilurabera (Alberdania, 2020) liburua kaleratu du idazle tolosarrak. Sortzaileak dira protagonistak, emakumeak, «baina aldi berean oso pertsona arruntak», idazlearen esanetan.

Zortzi narrazio dira Yurre Ugarte Rodriguezek (Tolosa, 1965) Lilurabera bilduman jaso dituenak. Zazpi kontakizun dira eta, hitz ostearen aurreko, epilogo bat. Edo egileak azpitituluan aipatzen duenez «bizi kondaira literario-musikal bat», 80ko hamarkadako doinu, testu eta giroetara garamatzana, emakume sortzaile orok pairatzen dituen kontraesan eta oztopoak azaleratzeko eta lilura munduan egoteko modua dela aldarrikatzeko.

Zer esan nahi du lilurabera izateak?

Jasotzeko prest egotea, irekia egotea; gutxienez hasteko hori esan nahi du. Lilurak konektatzen du gizakion daukagun inkontziente edo arrazionalki jokatzeko joerarekin eta horrek gure zaurgarritasunari ematen dio bide. Lilurabera izatea, nik behintzat, gizakiaren zaurgarritasunarekin lotzen dut. Liburuaren sarreran badago aipu bat Susan Sontagena, non esaten den asperdura dela liluraren ifrentzua eta egoera bat kanpotik bizitzearen menpeko direla bai asperdura eta bai lilura ere. Gugan ezinbestekotzat dut lilura, bizirik bagaude behintzat.

Nola iritsi zara kontzeptu horretara?

Egia esan oso interesgarria da nola iritsi nintzen ikustea, ia ipuin batentzat adina ematen du. Kontua da lehendabiziko ipuina idatzi nuenean ez zegoela liburu proiekturik. Lilurabera hitza duela urtebete idatzi nuen Amnesia anderea narrazioan azaldu zen lehen aldiz. Ipuin horretan protagonistak dio: «Xurgagailu, hautsetako trapu eta plastikozko eskuzorroetatik urruntzeko, lilurabera izan beharra zegoen». Hori idatzi nuenean, konturatu nintzen aurreko narrazio guztiak eta idatzi nuen hura lotzen zituen ezaugarria zela lilurabera kontzeptua. Horretaz jabetu nintzenean oso pozik jarri nintzen, zeren idazleok askotan idazten dugu eta narrazioa bukatu arte ez dugu jakiten benetan zer esan nahi dugun. Jada liburuaren izenburua aukeratu eta hurrengo narrazioa idatzi nuenean, Arintasuna, bertako protagonistak eskuartean daukan liburu batean agertzen da lilura kontzeptua. Hor argi ikusi nuen. Zirkulua itxi egin zen: nik neuk sortutako fikziozko pertsonaia batek seinalatu zidan liburu bat, non lilurari buruzko hausnarketa bat dagoen. Zer gehiago nahi nuen?

Narrazio guztiak ez dira garai berean idatzitakoak, beraz.

Hori da. Aurreneko lauak 2015-2016 urteetan Pop pilulak izeneko aldizkarian kaleratu nituen. Julen Azpitarte egileak fanzinea deitzen zion, baina nik luxuzko aldizkaria zela esango nuke. 80ko hamarkadan ateratzen genituenean, grapatutako bi orrialde izaten ziren. Pop pilulak, aldiz, ondo maketatutakoa eta diseinatutakoa, oso testu interesgarriekin. Argi neukan narrazio horiek, han argitaratutakoek, liburu batean bukatuko zutela, baina 2016tik hona nire beste idazketa lan batzuk egin ditut eta bilduma osatzen duten azkeneko hiru ipuinak aurten idatzi ditut.

Aurrez argitaratua zenuen, 'Kathy, Lydia, Wilma' narrazioaren bertsio laburrago bat ere. Zergatik luzatu duzu libururako?

Bizi kronika literario-musikal bat da, horrela deitu diot nik. 2015ean idatzi nuen, baina pentsatu nuen liburu honetan sartzeko gai horretan gehixeago sakondu eta luzeago idaztea. Extended Play, EP bat da. Egokitu egin dut apur bat eta falta zitzaion puntua eman diot.

Zein zen zure intentzioa bizi kondaira literario-musikal horrekin? 

Zehazki 1984 eta 1985 urteen artean kokatzen da kontakizuna eta Tolosaz ari naiz. Hemen biltzen ginen lagunez ari naiz. Hori bakarrik ez, 80ko hamarkadan hasi eta gaur arte, aurrera egin ahal izateko emakume sortzaileak zeharkatu behar dituen oztopoak eta aurreiritziak aipatzen ditut. Errepaso bat ematen diot horri, erreferentzia literario-musikalen bitartez eta kontatuz zer zen hemen bizitzea emakume sortzaile batentzat, edo sortzaile izan nahi zuen batentzat. Zer esploratzen genuen eta zerekin topo egiten genuen azaldu dut azkeneko narrazio horretan.

Argi neukan banuela zer kontatu. Nik berezkoa dut fikziorako joera eta kronika hau idazterakoan ere ezin nuen saihestu. Bizi kondaira azpititulua jarri diogu, zeren, nire uste apalean, kontatuta dagoen bezala fikziozkoa dirudi, ez du ematen nire bizitza denik. Horregatik ez dakit oso modu errealistan kontatuta dagoen, hori irakurleak esan beharko du.

Kronika horretan, une batean, 2015era egiten duzu salto eta aipatzen duzu nola «txiripaz» iritsi zareten belaunaldi hartakoak gaur egunera. Hamarkada zaila izan zen hura?

Bai. 80ko hamarkada, zerbait izan bazen hamarkada arriskutsua izan zen. Hori esaten dudan bakoitzean pentsatzen dut gaur egungo gazte batek ere gauza bera esan dezakeela bere garaiaz. Baina hori bizi izan nuen nik.

Narrazioetan protagonista direnak, emakumeak dira ia denak, eta guztiak sortzaileak. Zergatik?

Niretzat jende normala dira. Ez dut uste ipuinotan kontatuak dauden moduagatik irakurleak pentsatuko duenik «zeinen jende berezia» den. Azaleratu nahi izan dut argazkilari batek, kazetari batek edota musikari batek aurrera egiteko zein zailtasun dituen. Jende normala dira, gauza guztien gainetik. Baina, aldi berean, haiek sortzen dituzten lanak lilura eragiten dute besteengan. Zeinen paradoxa handia den: lilura sortzen duten lanak egin eta gero prekarietatean bizi. Horri buruz hitz egitea interesatzen zitzaidan eta azpimarratu nahi nuen sortzailea pertsona normala dela. 

Are egoera prekarioagoa emakumeen kasuan?

Bai, dudarik gabe. Baldin eta zein bizimodu klase aukeratzen duzun aurre egin beharko diozu oztopo gehiagori. Guztiok dauzkagu oztopoak, gizonezkoek ere bai, baina gutxitan hitz egiten da emakume sortzaileen kasuaz. Hona ekarri ditudanak bazterrekotzat jotako egoerak edo giroak dira, baina hain normalak eta hain arruntak bestalde...

Zein tratamendu literario eman diozu errealitate horri fikziora eramateko?

Idazkerak egiten du literatura. Gaiak, soilik, ez dakar literatura, idazkera jakin baten bitartez ematen diozu zure proposamena irakurleari. Liburua nola dagoen idatzita da kontua.

Horretarako, ondo inguratu dituzu narrazioetako pertsonaiak. 

Bai. Giroak asko laguntzen du pertsonaia bat erretratatzerakoan. Hauek istorio independenteak dira, nahiz eta ipuinek elkarren artean badituzten ezaugarri komunak. Ahots literario bat sortzeak erakartzen nau eta horretarako landu behar dituzu pertsonaiaren ikuspuntu ezberdinak. Niri berez sortzen zait.

Ahots literario hori sortzerakoan zein arloetan jarri nahi izan duzu arreta narrazio bilduma honen kasuan? 

Behin ipuinari zein tonu emango diodan erabakitzen dudanean eta protagonistak nola hitz egingo duen finkatzen dudanean, banoa. Askotan narrazioaren lehen esaldiak ematen dizu tonu hori eta horren atzetik errenkadan datoz besteak. Hori lortu arte izaten da konplikatua, zirriborroak egin eta egin pasatzen dut denbora. Hor dago borroka.

Nola sortzen duzu zuk literatura, zein testuingurutan? 

Edozein tokitan ez, soilik nire idazmahaian idatzi dezaket. Ahal bada isiltasunean. Ez dut musikarik behar. Isiltasuna eskatzea nire etxean oso zaila da, kontziliazio ezak dakarren bizimodu xelebrera jarrita nago. Isiltasun apur bat badago konformatzen naiz.

Musikarik gabe sortzen duzu, nahiz eta liburu honetan musika asko dagoen. 

Bai. Musika harietako bat da. Musika horiek, batez ere, nerabezaroarekin edo gaztaroarekin lotzen ditut. Hemen pertsonaiek gogoratu egiten dute. Memoria ere beste gai bat da liburu honetan, ez du alperrik izenburua Lady Amnesy narrazioetako batek. Azkeneko kontakizun horretan ere, nik neuk egiten dut atzera eta gogoratu egiten dut.

Memoria egiteko, gogoratzeko, fikzioa beharrezkoa duzu? 

Gogoratzean asmatu egiten dela uste dut, beti. Ingelesez badago esaldi bat honela esaten duela: «Gogoratzen dut, beraz asmatu egiten dut». Eta ni nahiko ados nago. Guk geure buruari tranpa asko egiten dizkiogu gogoratzerakoan. Ez dut esaten memoria ariketa oro tranpa bat denik baina, normalean, gauza batzuk gogoratu eta beste batzuk ezabatu egiten ditugu. Pertsonaia batek egiten du galdera bat: «Gogoratu al daiteke emoziorik gabe bizitakoa edo sentitu gabe bizitakoa?».

Pertsonaia guztiak pop kulturaren alabak dira, baina aldi berean jarrera punk-a ere badute. 

Nire ustez, emakume protagonista bakoitzak egiten du ahalegin bat norbera izateko. Zu zeu izan punk lelo hori muturrera daramaten pertsonaiak dira. Baina iruditzen zait emakumeoi askotan bizirauteko ez zaigula beste erremediorik geratzen. Punk-aren filosofia horrek dio: «Izan zu zeu, zuk zeuk egizu, zuk zeuk atera aurrera zuk egin nahi duzuna, ez itxaron beste batek zuregatik egin dezan». Horrek berezirik garrantzia dauka emakumeen kasuan. Feministak zerbait baldin bagara hori gara. Lelo horiek ezin hobe datozkigu emakumeoi ahalduntzeko garaian. Hori 16-17 urterekin deskubritu izanak nigan eragina izan zuen bizitza osorako. Baldintzatu zuen oso modu positiboan.

Helduentzako bigarren narrazio bilduma duzu hau, 2010eko 'Gasolindegian' liburuaren ondoren. Gustura sentitu zara? 

Bai. Narrazio hauek idatzi ditut nire beste idazketa lanek utzi didaten denboran eta kontziliazio ezak uzten didanean. Gustura nago emaitzarekin, eta batez ere pozik liburua argitaratua izan delako. Iritzi gutxi batzuk jaso ditut eta oso pozik nago esan didatenarekin.

Literaturaren arloan beste proiekturen bat baduzu eskuartean? 

Bai, baina nahiago dut ez esan. Ari naiz idazten, ez diot uzten ohitura horri. Gero noiz argitaratuko den beste kontu bat da. Abian beste proiektu bat badut.

 

'LILURABERA'. ALBERDANIA

 

Narrazioa saila. 143.a

116 orrialde

2020

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!