Lehenengo urteak ez ziren samurrak izan: lagunak galdu zituen, berak hartutako erabakia ulertu ezinik; seme-alabek familia hondatu izana leporatzen zioten; soldata bakarrarekin gastu berberei eta beldurrei aurre egin beharra izan zien; gorputzean sentitzen zuen hutsunea betetzen asmatu...
Horrela eman zituen bost urte, bizitza berreraikitzen. Lagun berriak egin zituen eta zaharberritu jaioterriko paisaiak. Baina denbora luzean ez zuen beste gorputz bero baten epeltasuna sentitu gau hotzenetan; haren maindireek ez zuten berriz ere beste pertsona baten usainik izan.
Hausturak eragindako doluak nahi baino luzeago jo zuen, eta bost urte joan zitzaizkion horrela, baina, azkenean, berriz ere beste pertsona batekin ilusionatzeko momentua iritsi zela sentitu zuen. 50 urte zituen, eta jabetu zen ligatzeko estrategiak zaharkituak geratu zitzaizkiola. Gainera, ez zen oso seguru sentitzen grabitatearen legeak bere gorputzean ezarritako aldaketekin; ez zen oso erakargarri sentitzen. Halere, aurrera egingo zuen; merkatuan zegoen berriz ere.
Baina, ustekabean, pandemia bat etorri, eta bi hilabete luzez etxean giltzapetuta izan zuen, Xolerekin. Pikutara berriz lige-kontuak eta beste baten eskuak bere gorputzean sentitzeko aukerak. Itxialdian, lagunekin egindako WhatsAppeko bideo-deietan leiho osoa betetzeko ohorea izan zuenean, are nabarmenago egin zitzaion bakardadea. Bazekien bera baino okerrago izan eta izango zirela milioika pertsona, baina horrek ez zuen baretu Xolek eragin zion egonezina: sufrikario eta negar-iturri bihurtu zitzaion bi hilabetez eguneko 24 orduak bakarrik eman beharra.
Baina, ustekabean, pandemia bat etorri, eta bi hilabete luzez etxean giltzapetuta izan zuen, Xolerekin. Pikutara berriz lige-kontuak eta beste baten eskuak bere gorputzean sentitzeko aukerak.
Azkenean, uda honetan ezagutu du lagun baten lagun bat. Harekin partekatu ditu kafeak, afariak, hitzak, barreak, mendi-ibilaldiak, ilusioak, laztanak, musuak, eta bakardadeak eta itxialdiak eragindako konpainia-beharrak. Ilusioari sartzen uzteko zirrikitua ireki du.
Baina, duela hilabetetik, agintariek ezarritako arau berriekin ezin da bere bizilekutik atera; ezin da bere lagun berriarekin egon, ez baita bere herrian edo ondokoan bizi. Berriz ere ateak itxi behar izan dizkio ilusioari.
COVID-19ari aurre egingo omen dion txertoa asmatu dute, edo horretan ari direla ematen du. Pertsona asko eta asko jasaten ari diren bakardadearen ondorioei aurre egingo dien Pfizerrik edo Modernarik izango al da?