Izan zaitezke alde batekoa edo bestekoa, modu batera edo bestera pentsatu, baina zurea defendatzeko argudiorik ez baduzu, kosta egingo zait zu sinestea. Eta azkenaldian, iritzien lanketa hori faltan botatzen ari naiz. Mezu zentzugabeak defendatzen dituzten jarrera asko ikusi ditzakegu, bai eta iritzi bezala saltzen dizkiguten mamirik gabeko milaka sasi-istorio, zergatik eta zertarako galderei erantzuten dieten arrazoinamenduak entzun beharrean. Elkarbanatu beharko genituzkeen borroka asko bide kontrajarrietatik defendatzen ari gara gure aldarrikapenen diskurtsoak lantzeari garrantzirik ematen ez diogulako.
Bi hilabetez behin idazten ditudan artikulu hauek espazio ezin hobea bilakatu dira esan nahi dudan guzti horri oinarri sendo bat bilatzeko. Azkenaldian aldiz, pentsatzen dudanari hitzak jartzea zailtasunez jositako bidea bilakatu da. Horregatik niri ere iritsi zait ideiak trukatzeko espazio honi gero arte esatea. Hala ere, orain arte bezalaxe mimoz zainduko ditut astekariko iritziak irakurtzeko hartzen ditudan tarteak.
Horregatik niri ere iritsi zait ideiak trukatzeko espazio honi gero arte esatea. Hala ere, orain arte bezalaxe mimoz zainduko ditut astekariko iritziak irakurtzeko hartzen ditudan tarteak.
Mila esker ATARIAko lagun guztiei, iritzien birformulatze prozesu honetan pentsatzen dudana adierazteko aukera emateagatik. Eta nola ez, eskerrak eman 2016tik testu hauei zuzenketak eta ideiak gehitu dizkiezuen guztiei, zuek ere iritzi hauen atzean dauden aldagaiak ere bazaretelako. Zaindu!