Ikusteko eta hausnartzeko

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 13a, 07:58

Jantziak egiteko ehuna nola sortu den azaltzen da erakusketan.

Karelia ez da ohiko moda erakusketa bat. Besteak beste, birziklatua izan den ehun batekin sortutako jantziak ikusgai daudelako bertan, eta modaren inguruko hausnarketa egitera bultzatzen duelako.

Tytti Thusberg diseinatzailearen Karelia erakusketa ikusgai dago Tolosako Aranburu jauregian urtarrilaren 9a arte. Jaiotzez finlandiarra, 25 urte daramatza bizitzen Euskal Herrian, eta euskaraz hitz egiten ikasi du: «Euskara hemengo hizkuntza da, eta bestalde, Finlandiako gure hizkuntza, suomiera, aurre-indoeuroparra da eta badute zentzu horretan lotura bat. Oso hizkuntza txikia da eta euskararen egoera oso ondo ulertzen dut. Gainera, nire senarra eta semea euskaldunak dira eta horregatik ere egiten dut euskaraz».

Bere aitaren gurasoak Finlandiako Karelia eskualdekoak ziren. Bigarren Mundu Gerran galdu zituzten Kareliakoek bere lurrak eta etxeak, eta 400.000 errefuxiatu Finlandian zehar sakabanatzera behartuak izan ziren. «Nire aiton-amonak hangoak ziren eta beraientzako omenaldi txiki bat egin nahi nuen», esan du Thursbergek. «Kareliako zati handi bat galdu genuen, baina kultura oraindik bizirik dago. Ni bigarren belaunaldikoa naiz, eta kultura hori asko gustatzen zait, oso aberatsa da eta bereziki ehungintzaren mundua oso interesgarria da».

Karelia erakusketan hamabi jantzi ikusi daitezke, zazpi argazki, 'fashion film' bat eta Boinas Eloseguik diseinatzailearentzat egindako txapelen edizio berezi bat

Karelia erakusketan hamabi soineko edo jantzi ikusi daitezke, zazpi argazki, fashion film bat eta Boinas Eloseguik diseinatzailearentzat egindako txapelen edizio berezi bat. Diseinuaz gain, jantziak egiteko erabilitako ehun mota da bereizten dituena sorkuntza horiek, PET plastikoa eta ardi latxaren artilea erabili baitira ehun hori egiteko. Prozesu horretan parte hartu dute Ekorec enpresak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Moda jasangarria

Hogeita hamar urte daramatza moda jasangarria eginez Thursbergek. Ibilbide luze horretan hainbat herrialdetan izan da erakusketa eta ekitaldietan parte hartzen. «Orain eskerrak jendeak badakien gehiago zer den moda jasangarria, baina hasieran zaila zen azaltzea. Batzuek pentsatzen zuten moda bat zela eta pasa egingo zela, baina hori ez da horrela, zerbait iraunkorragoa da», esan du diseinatzaileak. Definizio egoki bat emateak hitzaldi bat eskatuko lukeela dio Thursbergek, baina laburtzeko saiakera egin du: «Materialak baldintza duinetan egindakoak izan behar dira eta langileek baldintza onak eduki behar dituzte. Eta ez da bakarrik bertako produkzioa izatea, baita ere nola egiten ari diren gauzak. Ekologismoa eta lan baldintzen duintasuna batzen dira eta hortik aurrera milaka xehetasunetan sartu beharko ginateke».

Moda jasangarriaren barruan hainbat korronte daudela dio. Berak upcycling izenez ezagutzen dena egiten du: «Nire poltsak sortzeko hondakinak erabiltzen ditut. Horrez gain, artisautza bidez egindakoa da, hau da, nik Donostian dudan estudio txiki batean egiten dut dena». Gehienbat poltsak saltzen ditu Thursbergek. «Jantzi proiektuak gehiago artistikoak dira, erakusteko zer den posible egitea birziklatutako materialekin». Gipuzkoako Foru Aldunditik iritsi zitzaion proposamena jantzi horiek egiteko, gero Karelia erakusketan bihurtu dena, eta hainbat lekutan erakutsi ahal izan duena, besteak beste, Madrilen. «Desfile batean erakusteaz gain, interesgarria da erakusketa moduan egitea, jendeak xehetasun gehiagoz ohartzeko aukera baitu». Bere lehen erakusketa Tolosan egin zuen Thursbergek, orain 19 urte. Jantziak izena zuen, eta eskulturak egin zituen birziklatutako materialekin. «Oraingo erakusketa beste mota batekoa da guztiz, baina arima bera duela esango nuke».

Modaren industria oso kutsagarria dela nabarmendu du Thursbergek: «Petrolio industriaren ondoren, ehungintza da bigarren kutsatzaileena. Kontuan izan behar da zein den jendearen kontsumoa eta hortik ere sortzen diren hondakinak, nola izaten den produkzioa, zer lehengai erabiltzen diren eta zer emisio egiten dituen industriak». Horren aurrean zer egin daitekeen galdetuta, Thursbergek badu erantzuna: «Erosi gutxiago baino kalitate hobeagokoa, eta mantenua egin, arropa konponduz, edota zerbait aldatuz aspertuta bazaude jantzi horrekin. Moda jasangarria garestia dela diote batzuek, baina badaude aukera ezberdinak: trukea edo bigarren eskuko dendak». Bestalde, bertako diseinatzaileak kontuan hartzeko eskatu du: «Hemen pila bat daude, aukera oso politekin. Egunero janzten dugu arropa eta ea jendeak behintzat posible duen horren inguruan egiten dugun kontsumoari buruz hausnartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!