Harkaitz Canoren 'Antzara eguna', Galtaundiren irakurle taldearen urteko azken saioan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 9a, 12:49

2020ko azken saioa egingo du abenduaren 15ean Galtzaundi Euskara Taldeak sustatutako irakurle taldeak. Saioa 19:00etatik aurrera egingo da, Tolosako Kultur Etxean eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du taldeko dinamika. Hitzorduan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

1984ko azaroaren 20an, Santi Brouard tiroz hil zuten bere pediatria kontsultan. Julian Sancristobal Espainiako estatuko Segurtasun idazkariak agindua eta dirua eman zion Rafael Masa poliziari, eta horrek Luis Morcillori eta Rafael Sanchez Ocañari ordaindu zien hilketagatik. Brouarden heriotzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian. HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra… Bere karisma eta konpromisoagatik, Euskal Herriko hainbat familia politikotan itzal handia izan zuen Brouardek.

Horiekin batera, politikari lekeitiarraren beste ezaugarri ezezagunago batzuk ere jaso ditu komiki honek, adiskide eta mediku hurbila, txantxazalea, irakurle amorratua eta euskaltzale petoa ere izan baitzen. Horrela, Adur Larreak eta Harkaitz Canok fikzioaren bidez lortu dute Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak biltzea, ekinbide publikoa eta bizitza pribatua jostea, iragana eta oraina lotzea, garai baten kontaketa bizia marrazteko.

Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, www.galtzaundi.eus webguneko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak. 10 pertsonako muga jarri da saioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!