Zaldi zuria, urdin orain

Irati Saizar Artola 2020ko abe. 9a, 19:59
Argazkia: Ainhoa Resano

Ostiral honetan, 'Zaldi urdina' antzezlana ikusteko aukera izango da Tolosako Leidor aretoan, 19:00etatik aurrera; heroinaren bueltakoak kontatuko dituzte.

Iritsi da eskualdera Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek elkarrekin sortu duten laugarren obra: Zaldi urdina. Abenduaren 11n, ostiralean, izango da antzezlanaz gozatzeko aukera Tolosako Leidor antzokian, 19:00etatik aurrera. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute, Ximun Fuchs da taula zuzendari, Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzaile, eta honako aktore hauek antzeztuko dute taula gainean: Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Edurne Azkarate, Urko Redondo, Miren Alkala eta Oier Zuñiga.

Lehen zaldi zuria eta, orain, zaldi urdina. Zuria, bereziki, 1980. hamarkadan, Euskal Herrian, heroina. Horixe da antzezlanaren gaia. Isilpean egon ohi den gai bat atera dute azalera, Edurne Azkarate aktoreak azaldu duenez: "Herri bati gertatzen zaion gatazka bati buruzkoa da, gizarteko hainbat belaunaldi zeharkatu dituena". Auzia da droga kalean dela, hemen eta orain, bere ertz eta erabilera guztiekin. Eta, tartean, heroina itzuli dela. Hortik datorkio izenburu "metaforikoa" lanari: Zaldi urdina.

Gaur egunean kokatutako istorioa dela dio Azkaratek. Hala ere, "askotan" bidaiatzen dute heroinaren erabilpenaren bitartez eta droga kontuak direla-eta 80. hamarkadara. "Euskal Herrian izugarrizko sarraskia gertatu zen afera horregatik garai hartan".

Sinopsiaren arabera, Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan. Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera. Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.

Kontatzen dena, ordea, drogaren bueltakoa da Azkarateren ustez: "Euskal Herrian drogaren eta boterearen arteko harremana zer nolakoa den edo izan den kontatzen da antzezlanean; orokorrean, harreman mota ezberdinak ikus daitezke: harreman pertsonalak, familiakoak, lagunenak, norbanakoaren harremanak drogarekin edota iraganarekiko harremanak ere bai".

ISILPEKOA AZALERA

Antzezlanaren oinarrian Justo Arriolak idatzitako A los pies del caballo liburua edota Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobela daudela esan du Azkaratek. Hortik abiatuta, obrak «egoera zabalak» azaleratzen ditu eta "irakurketa asko" egin daitezke. Ikusle bakoitzak bere istorioa bere modura jaso eta hausnartu dezala nahi dute.

Eta aktoreek ere hartu dute hausnarketarako tartea antzezlana prestatzen hasi aurretik. "Ikasketa teorikoa jaso genuen aurrez, liburuak, dokumentalak, pelikula, fikzioa ikusi genuen, jakiteko gaia nola landua izan den orain arte", kontatu du. "Aktoreok ere asko ikasi dugu".

Izan ere, gizartean drogaren kontua tabua dela esan du Azkaratek, eta belaunaldi ezberdinek bere moduan bizitu izan dutela: "90. hamarkadan jaioa naiz ni, eta lehenago gertatu zenaren beldur kanpaina baten produktua izan nintzela konturatu naiz". Era berean, 80. hamarkadan ere gutxi hitz egiten zela dio "ezjakintasun handia zegoelako"; "gero, beldurraren bitartez babestu nahi gintuzten, eta orain gertatzen dena da, berriro gertatu ez dadin transmisioa galdu dela, gaiari buruz ez dela hitz egiten, berriro ere gazteak babestu nahian".

Guztia antzezteko zazpi aktore arituko dira etzi, oholtzan. Guztiak, gainera, momentu oro taula gainean egon ohi direla aurreratu du Azkaratek. "Pertsonaia nagusiak badaude, baina badaude pertsonaia txiki asko ere iratxo lanak egiten dituztenak atzetik". Eszenografiaren mugimendu guztiez ere aktoreak beraiek arduratzen direla kontatu du. "Lan guztia koreografia erraldoi bat izango balitz bezala egiten dugu, denon artean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!