GUTUNA

...eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Olga Gurrutxaga Estarbe 2020ko abe. 9a, 19:58

Ez dakit zer gertatuko den idatzi honekin, inork irakurriko duen edo nire sentimenduak lasaitzeko idazten dudan... bukatuko ote dudan ere ez baitakit.

Istorio hau orain 10 urte hasi zen, zoriz, ezezagun batek geure bizitzetan lekua egin zuenean.

Begi ilun handiak, larru-arras moztua, begirada lotsati eta beldurtia. Janzteko moduak asko esaten du bere errealitateaz, usain adierazgarria du, galtza oso estuak, galtzontzilorik ez, eta bereak baina hiru neurri handiagoak diren zapatilak daramatza (bizilagunarenak). Erabat ezezagunak izan arren, geure etxean dutxa bero bat hartzea onartzen du. Saihets-hezurrak nabari zaizkio, azkazal luze narrasak, oinazpiak arrastoz beteak, zaindu gabeko hortzeria... nahiz eta berarentzat egoera surrealista izan, irribarrerik atseginena eskaintzen saiatzen da.

Ez dakigu ezer berari buruz momentuz. Zortzi urte betetzear dela besterik ez, Hassana izena duela eta Saharatik datorrela. Berehalakoan negarrez hasten da, ea zenbat egun falta zaizkion familiarekin bere etxera itzultzeko galdetuz.

Hori izan zen 2010eko udaren hasiera, eta oharkabean, nire bizitzak norabidea hartu zuen. 26 urte nituen. Nire bikotekidearekin etxean haur bat hartuko nuen bi hilabetez, etorkizunera begira konpromisorik gabe. Eta orain, ordenagailu aurrean nago, nire semearekin zer gertatuko den jakin gabe. Non dago? Berriz ikusiko dut? Berarekin hitz egingo dut? Zergatik ez dago unibertsitatean matrikulatuta, berak nahi zuen bezala, egin duen ahaleginaren ondoren?

2020ko azaroaren 13an, Marokok erasotu ondoren, Saharar Errepublikako Frente Polisarioak su-etena amaitutzat eman zuen. 40 urteko pazientzia, injustizia eta nazioarteko ahanzturaren ondoren... «gerran gaude» aldarrikatu dute saharar askok.

Saharako bizitza bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dut. Aire libreko kartzela erraldoia da, non desertuko airea arnasten den, eta bertan dago izarrez betetako ametsetako zerua, non haurrek bizipoza ematen duten eta agerikoak diren injustiziak eguneroko edozein ekintzetan. Nire familia sahararra ezagutu dut eta beste familia asko ere bai. Horietako batzuk sendatzeko zortea izan dut eta beste batzuk heriotzean lagundu.

Beste gauza askoren artean, Hassanak erakutsi dit nolakoa den sahararren bizitza. Jaiotzetik hasi (aipagarria hemen ere emakume sahararraren papera), haurtzaroa madrassetan, nerabezaroa kanpamenduetan edo familiatik urrun, azkenik hainbeste maite duzun aitaren heriotza bakardadean beste herrialde batean... Eta hala ere, biziraun, pozarren, pertsona zintzoa izanik, ilusioz beterik, bizitzeko irrikaz, errespetua mantenduz, solidarioa izanik...

Uda honetan Hassanak 18 urte bete ditu. Ahalegin etengabearekin bere ikasturteko nota hobenetarikoak atera ditu (Argelen, bere familiatik urrun). Eta orain, unibertsitatean izena eman eta bere ametsa betetzear zela, bete-betean eztanda egin dio gerrak.

"Inork ez du hil nahi, noski, Olga, beraiek ere ez... baina joan egin behar dut".

Horiek izan ziren jaso genituen bere azken hitzak azaroaren 14an. Ez dut bera ezeztatzeko eskubide moralik, are gehiago, malko artean bera animatzea eta zorterik handiena opatzea baino ez zait geratzen (edo justizia, hobe esanda).

Harrezkero ez dugu bere berririk izan, atzo gauean (abenduaren 3an) komunikatu ziguten arte dagoeneko ejerzitoan dagoela.

Hau da gure istorioa. Gurea bezalakoak asko daude. Eta jarraituko dute egoten, ez bada gizakia aldatzen eta ez badu gizartea aldatzen. Azkenean, berriz ere, armetara buelta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!