Soinuz ere, garbia

Ataria 2020ko abenduaren 8a

Ezohiko egoeran ere, Tolosako Udal Txistulari Bandak ez du huts egin Sortzez Garbiaren eguneko hitzordura. Ozenki txistulari taldea eta Igor Agirre eta Xabier Zelaia tronpeta jotzaileak lagun, kontzertua eskaini dute, Zerkausian.

Ion Garmendiak zuzendutako taldeak Agur Jaunak kantua joz hasi du emanaldia. Ondoren, Kontrapasa eta Habanera jo dituzte, Xabier Leteren omenez, duela gutxi izan baita bere heriotzaren hamargarren urteurrena. Segidan, Isil-isilik eta Begiak barrez barrez kantu ezagunen txanda izan da; abesti hauen letrak, gainera, eskura izan ditu publikoak, eta musukoak jantzita ere, bertaratu direnek ez dute inolako arazorik izan txistulariek markatutako erritmoan eta tonuan abesteko. Gaurko saioari amaiera emateko, Orripekoa izeneko fandangoa, 76ko arin-arina eta Ai simon, simon, simon biribilketa jo dituzte.

Kontzertua, ordea, ez da kalejirarekin amaitu, eta txistulariek prestatuta zuten beste obra bat. Hain justu, eguberriak gainean ditugun honetan, hilaren 24an etxe askotan kantatu ohi den Ator, ator abestia jo dute. Kasu honetan ere publikoa animatu da abestera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!