Erori arren Rojok 25. amaitu du Europako Kopako proba

Ataria 2020ko abenduaren 8a

Eskiatzaile tolosarraren denboraldi hasiera ez da amestutakoa izan, baina arazoak arazo emaitza baloratu eta Munduko Kopari begira jarri da.

Asteburu gorabeheratsua izan da Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrarentzat. Denboraldia igandean hasi zuen, Goms-en (Suitza). Lehen proba hori 25. amaitu zuen, baina postuaren atzean bada zer kontatua: «Egia esan estrenaldia ez zen espero bezain ona izan. Arazoak eduki ditugu asteburuan zehar eskiekin. Elurte handia bota zuen hiru egunetan zehar. Lasterketan, gainera,  erori eta denbora asko galdu nuen», argitzen du Imanol Rojok.


Denboraldi hasiera, berez, Munduko Kopako proba batekin egin behar zutela dio eskiatzaile tolosarrak, baina bertan behera geratu ondoren, Europako Kopako proba batekin ordezkatu zuten. Hala eta guztiz ere, maila ez zuen galdu eta hor 25. postuaren balioa: «Emaitza ez dago gaizki. Europako Kopako proba izan arren ia Munduko Kopako maila zuen, errusiarrak bertan zeudelako».


Orain atseden hartzea tokatzen zaio Rojori, baina Suitzan jarraituko du. Izan ere, asteburuan beste proba bat dauka Davosen. Kasu honetan, bai, Munduko Kopako proba izango da. 


Denboraldiko helburu nagusiari dagokionez, tolosarrak argi dauka zein izango den: «Munduko Txapelketa. Otsailaren bukaeran eta martxoaren hasieran, Oberstdorf-en (Alemania) izango da, eta hori da helburu nagusia. Prestaketa guztiak horri begira izaten ari dira».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!