ELKARRIZKETA

«Herritarren nahiak ez ditu guztiz asetzen denda txikiak»

Naia Vazquez 2020ko abe. 8a, 19:59

Duela 135 urte zabaldu zuten Amiano denda Juan Carlos Amianoren birraitona-amonak; zapatak saltzen hasi ziren, eta azken 50 urteetan jostailuak saltzen dituzte; egungo egoeraren ondorioz salmentak %70 jaitsi dira, eta dendaren itxiera ekiditeko ari dira lanean.

1885. urtean sortu zuten Amiano denda Juan Carlos Amianoren birraitona-amonak. Zapata denda izatetik jostailuak saltzera igaro zen. Egun, beste denda askoren moduan, bizirik mantentzeko lanean ari dira. Tolosako dendarik zaharrenetakoa denaren jatorriaz, egungo egoeraz eta etorkizunaz aritu da solasean.

Pandemiaren eragina nola nabaritu duzue?

Alde Zaharreko saltoki ugari pairatzen ari diren moduan. Ezarri dituzten neurriek herritarren mugimendua asko gutxitu dute, eta horrek komertzioan zuzeneko eragina izan du, kasu batzuetan itxi ere egin behar izan dutelarik. Gure kasuan, hainbeste urteko ibilbidea duen Amiano jostailu dendaren itxiera ekidin nahi dugu, eta horregatik erretiroa aurreratzea erabaki dut.

Egungo egoerak larritu egin al du lehenagotik bizitzen ari zineten beherakada?

Azken hilabeteetan bizitzen ari garen eta ezarri dituzten neurrien ondorioz salmentak %70tik gora jaitsi dira. Egia da, dena den, jaitsiera hori bazetorrela lehenagotik. Esaterako, gaur egun jaunartzeetako ohitura galdu egin da. Nire kasuan, biltegian gordeta ditut aurtengo jaunartzeetan saltzea espero genuen hainbat produktu. Bestalde, urteko salmenta kopuru handiena Olentzero eta Erregeetarako izaten dugu guk. Baina, Internet bidez erosteko joera handitzen ari da, eta horrek gurea bezalako dendei kalte handia egiten die.

Denda txikiei orokorrean min handia egiten diete denda handiek, eta zer esanik ez Interneteko dendek.

Bai, hala da. Gure kasuan, online plataforma abian dugu, eta bertan salgai duguna ikus daiteke, baina, ez dugu etxera banatzeko zerbitzurik. Handi horien aurrean zaila da, beraz, horiek etxera ere eramaten baitute.

Itxiera ekidin nahi duzuela aipatu duzu, baina, zer egin horretarako?

Egoerari aurre egiteko beherapenak jarri ditugu martxan. Esan bezala, erretiroa aurreratzea pentsatu dut, eta Berriz programan ere izena eman dugu. Euskal negozioen eskualdaketaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua da. Horren bitartez, jostailu dendak beste arduradun batzuekin jarraipena izatea ari gara bilatzen.

Pena litzateke Tolosako denda zaharrenetarikoa denak ateak itxi beharra izatea.

Bai, eta espero dut hori ez gertatzea. Jarraipena izango duenaren itxaropena daukat. Pena handia emango lidake Amiano denda ixtea, eta hori ez gertatzeko familiako kide guztiak ari gara lanean. Hemen jaio gara, eta urte luzez bizirik mantendu dugu. Herritarren laguntzarekin horrela segitzea lortuko dugula espero dut.

Ehun urte baino gehiagoko ibilbidearekin amaitzea litzateke. Dendaren sorrera ez zenuen ikusi, baina, kontatu, kontatuko zizuten, ezta?

Nire birraitona-amonak Martin Amianok eta Dominika Garikanok zapata denda bat zuten. Zapatak saltzen zituzten eta baita zakuetarako oihalak ere. Saturnino aitona, berriz, oihalak saltzen aritzen zen herrietan zehar, eta amona salmentez arduratzen zen. Eta, horrela, denetarik saldu izan dugu 2010. urtera arte. Bazar modukoa bihurtu zen denda. Atzealdean jaiotzen irudiak, platerak, edalontziak, kremailerak, hariak... denetarik topa zenezakeen. Jostailuen kasuan, gure aita hasi zen, duela 50 urte inguru, jostailuak ekartzen. Eta, azken hamarkadetan ez du aldaketa gehiegirik izan. Dendaren itxurari dagokionez, aitonak erreforma batzuk egin zituen, eta bere horretan mantendu dugu, etxeak duen egurrezko egiturarekin.

Pandemiaren eraginez ezarritako neurriek kalte handia egin dutela aipatu duzu.

Batetik, dendak itxita egon dira, gero, ostera, zabaldu ahal izan dira berriro, eta orain neurri bereziekin ditugu irekita, eta edukieraren mugarekin. Gure kasuan, lau pertsona sar daitezke gehienera aldi berean dendan. Bada, egoeraren eta neurrien ondorioz, komertzioak kolpe gogorra jasan du, eta batzuk itxi beharra izan dute.

Ba al duzu egoera berriro ere lehengora itzuliko denaren itxaropenik, edota herriko dendak jasaten ari diren krisia geratzeko etorri da?

Nire ustez normaltasunera edo lehengora itzuliko gara, baina, noiz? Ez dakit, baina etorri, etorriko da. Internet bidez eros daiteke, baina horrekin, aurrez aurreko presentzia galtzen da, dendariarekiko aurrez aurrekoa, alegia. Geroz eta gutxiago erosten dugu herriko dendetan, dendek herritarren nahiak guztiz asetzen ez dituztelako. Internet bidezko saltokietan, berriz, denetarik dute, eta nahi duzun hori topa dezakezu. Hori bai, unean bertan erostearen eta jendearen arretari dagokionez, Internetak ez du zer esanik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!