Elkarrizketa

«Bertsoek diotenaren arabera, irudi eta egoera ezberdinak sortu ditut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abenduaren 8a

'Bertsoak argazkitan' izeneko bere hirugarren liburua argitaratu du artista tolosarrak; 75 bertso zahar eta berri bildu ditu, bakoitza bere argazkiarekin, eta ostiralean aurkeztuko du, kultur etxean, 19:00etan.

2017an kaleratu zuen bere lehen lana Oskia Karrerak (Tolosa, 1969), Eskuekin esaten dizut izenekoa; 2018an, berriz, bigarrena: Atsotitzak argazkitan. Oraingoan ere, bere bi pasio uztartzea lortu du: argazkiak eta euskarazko testu landuak. Kasu honetan, azken mendeetako bertsoak, irudi bakarreko antzezpen txikiekin lotu ditu. «Oso eskertuta nago liburuan parte hartu duten herritar nahiz bertsolariekin», dio.

Zer da 'Bertsoak argazkitan'?

Aisialdirako produktu bat da. Beste liburuetan bezala, argazkia eta testua elkartzen dira, batak besteari laguntzeko. Hitzez adierazten den ideian edo gaian hobeto murgiltzeko balio dezakete argazkiek, hau da, bertsoa ulertzeko modu bat eskaintzen dute, testuek diotena islatzen dutelako.

Bertsoak eta argazkiak uztartu dituzu. Noizkoak eta norenak dira bertsoak?

Azken mendeetako bertsoak dira. Bilintxen garaikoetatik hasi, eta gaur egungo Maialen Lujanbio edota Amets Arzallusen bertsoetaraino. Kronologikoki ordenatuta dauden bertsoak dira; zaharrenak hasieran agertzen dira, berrienak, berriz, azken orrialdeetan.

Zuk aukeratu dituzu 75 bertsoak?

Aintzane Irazusta gai-jartzaile tolosarrak egin zuen aukeraketa. Ondoren, nik bertso berri batzuk gehitu dizkiot berak osatutako bildumari. Nahiz eta gehien gustatu zaizkigun bertsoak aukeratu, aniztasuna bilatu nahi izan dugu.

Ez da erraza izango edozein bertso irudi batekin janztea.

Nik Aintzaneri esan nion ez zezala irizpiderik erabili. Bertsoa ona eta polita iruditzen bazitzaion, lasai hautatzeko, eta gero, ni moldatuko nintzela argazkiarekin janzteko.

Eta argazkietarako erabili al duzu irizpiderik?

Bertsoak behin eta berriz irakurri ditut. Ondoren, horri lotutako argazkiak nolakoa izan beharko lukeen pentsatu eta irudietarako pertsonak, paisaiak edota objektuak beharko nituen erabaki behar izan dut.

Nolako argazkiak dira?

Denetik dago, baina gehienak koloretako irudiak dira, estudioan nahiz estudiotik kanpo ateratakoak. Batzuetan gertuko ezagunen laguntza izan dut, aktore lanak egin zitzaten. Beste batzuetan, berriz, paisaiei edota objektuei atera dizkiet argazkiak; niri behintzat errazagoa zait azken hauek egitea.

Bertso zaharren irudietarako, adibidez, jantzi eta tresna zaharrak erabili ditut, xehetasun oro landu nahi nuelako. Horrez gain, pertsona egokiak lortu nahi izan ditut, garai zaharrak irudikatuz, irudiek bertsoek ziotenarekin lotura izan zezaten.

Zenbat denbora eman duzu lan horretan?

Duela urte eta erdi hasi nintzen. Itxialdi garaian geldirik egon zen, baina gerora amaitzea lortu nuen. Udaz geroztik, azken txanpan murgildu naiz, liburua amaitzeko buru-belarri lanean aritu, eta argitaratu ahal izateko izapide guztiak egiten.

Lehenengo bertsoa aukeratu, eta ondoren, irudia jarri? Ala alderantziz? Zergatik?

Lehenik, bertso bilduma eskuratu nuen. Ondoren, horiek banaka irakurri nituen, bakoitzarentzat argazki egokiena sortu ahal izateko. Bertsoek diotenaren arabera, irudi eta egoera ezberdinak sortu ditut.

Sormen handia behar da horretarako, ezta?

Bai eta ez. Bertso batzuek erraztasunak eman dizkidate argazkia pentsatu eta sortzeko orduan. Nire kasuan, ez dit denbora gehiegi eskatu lan horrek. Ondorengo kudeaketa, marketina eta probak astunagoak egin zaizkit.

Gainera, bi bertsolari entzutetsuen hitzaurreak ditu. Zergatik Amuriza eta Martin?

Iraganaz eta etorkizunaz hitz egiteko bi ikuspegi erabat ezberdin dituzten bi bertsolari direlako. Bestetik, beharrezkoa iruditu zait Alaiaren hitzaurrea izatea, bertsolaritzan eman den emakumeen ugaritzea lekuko. Xabierrek iraganaz hitz egiten du, bizi osoa bertsolaritzari lotuta eman ondoren, hausnarketa interesgarri bat dakar; Alaiak, berriz, gaurko ikuspegiaz eta aurrera begirako erronkez idatzi du.

Ostiral honetan egingo duzu aurkezpena, kultur etxean. Nolako saioa izango da?

Aurreko liburuen aurkezpenetan egin bezala, testu eta argazki ezberdinak aterako ditut liburutik, horiei buruz hitz egin eta hausnarketarako bideak zabaltzeko. Ez dakit bertsolaririk izango den ala ez, ezta bertsorik kantatuko den ere.

Hausnartzeko balio du, beraz, liburuak.

Bai. Aipatzekoa da, kalean aurkitzen zutenari buruz hitz egiten dutela garai bateko bertsolariek; oraingoak ere gizarteko gai esanguratsuez aritzen dira. Beraz, bertsoz nahiz irudiz transmititu nahi dena txalotu dezakeen bezala, beste iritzi bat ere, kontrajarria dena, izan dezake irakurleak.

Lau urtetan hiru liburu kaleratu dituzu. Ba al duzu besterik buruan datozen urteetarako?

Baditut gai ezberdinak buruan, eta proposamen bat edo beste ere egin didate. Hala ere, oraingoz, atseden txiki bat hartu nahiko nuke. Lan gogorra da niretzat 24 orduz horretan pentsatzen egotea, buruan liburuetarako ideia ugari ditudala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!