253 etxebizitza huts daude Tolosan, gehienak Alde Zaharrean

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 8a, 11:59

Tolosako Udalak ahalik eta etxebizitza gehien bideratu nahi ditu alokairu merkatura, ordainketa errazteko diru laguntza lerro berria sortuz

Tolosan hutsik dauden etxebizitzen azterketa amaitu, eta honen ondorioak aztertu ondoren, 2021ari begira, alokairua sustatzeko lan lerroak eta horiek aurrera eramateko egitasmoak zehaztu ditu udal gobernuak, berarentzat «lehentasunezkoa» baita alokairua sustatzea, etxebizitzaren lan lerro estrategikoaren baitan. Egitasmo horiek jada jasota daude datorren urterako aurrekontu proposamenean.

Diagnostiko honen baitan, besteak beste, herrian dauden etxebizitza hutsen inbentarioa egin du, benetan hutsik daudenak identifikatzeko; etxebizitza huts horiek zein egoeratan dauden ere aztertu du. Bestalde, inguru soziodemografikoaren azterketa ere egin du, egungo etxebizitza beharrak aztertu eta etxebizitza eskatzaileen profila ezagutzeko.

Erroldarik gabeko 509 etxebizitzetatik, 253 hutsik daudela baieztatu du udalak, horietan ez dagoelako erroldatutako herritarrik edota ur-kontsumorik ez dutelako. Hortaz, Tolosako parke osoaren %2,7 dira. Kokapenaren arabera, Alde Zaharrean daude gehienak (94); ondoren, Rondilla kalean eta Belate auzoan (39); eta azkenik, Laskoain kalearen inguruan (34).

Ezaugarriei erreparatuz, herriko parke osoarekin alderatuta, antzinatasun handiagoa dute hutsik dauden etxebizitzek. 171k, 50 urte baino gehiago dituzte eta neurriz txikiagoak dira; erdiek, gainera, ez dute igogailurik. Bestalde, 150 eraikinek ikuskapen teknikoa pasatu dute, heren batek, aldeko txostenarekin; beste bi herenek, berriz, esku hartzeko premiak azaleratu dituzte.

Belaunaldi berriak, eskean

Azterketaren ondorioak kontuan izanda, etxebizitza huts gehienek birgaitze-lanak behar dituzte eta eskaintzaileen profilari dagokionez, gehienak gazteak dira, alokairuaren aldeko apustua egiten dutenak eta lehen aldiz emantzipatu nahi dutenak.

Etxebizitza beharrei dagokienez, Tolosan erroldatutako 418 lagunek eskatu dute babestutako etxebizitza, Eusko Jaurlaritzako Etxebide programaren bitartez, eta herriko udal zerbitzuek 506 pertsona dituzte izena emanda, etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa.

Horietatik, ia %19k 30 urtetik behera ditu, eta %59 kide bakarreko familia unitateak dira. %85k lehen aldiz independizatu nahi du eta %61k alokairuan nahi du etxebizitza. Hileko batez besteko ordainketa ahalmena 452 eurokoa da, eta %58k adierazi du ezin duela hilean 450 euro baino gehiago ordaindu.

Beharrei erantzuteko

Etxebizitza hutsen azterketaren emaitzak kontuan izanda, datorren urtera begirako lan lerro eta egitasmo nagusiak zehaztu ditu udal gobernuak, eta dagoeneko jasota daude aurrekontu proposamenean. Batetik, alokairuaren ordainketa errazteko diru laguntza lerro berria jarriko du martxan. Bestetik, Bizigune programaren baitan, Jaurlaritzak etxebizitza birgaitzeko eskaintzen duen diru laguntza programa osatuko du, ahalik eta etxebizitza huts gehien merkaturatzeko helburuz.

Azkenik, hitzarmenak berritu eta informazio kanpainak gauzatuko ditu Etxebide eta Alokabide zerbitzuekin, herritarrek eskura dituzten aukera guztien berri izan dezaten. Hain zuzen, Alokabidek sustatzen duen Bizigune programa Tolosan indartzea eta ezagutzera ematea da helburua.

Bizigune programaren eskutik, hutsik dauden etxebizitzen errentamenduaren kudeaketa integrala egiten du Alokabidek, eta etxebizitzak egokitzeko eta birgaitze-lanak egiteko 18.000 euro bitarteko diru laguntza eskaintzen du; diru laguntza programa hori osatuko du udalak.

Alokairua bultzatzen

Gauzak horrela, alokairuaren aldeko apustu «irmoa» berretsi nahi du udal gobernuak. «Legealdi honetan ere, alokairuaren aldeko pausoak emango ditugu, herritarrei aukera berriak eskaini asmoz. Euskal Herria Plazako zuzkidurako bizitokiak edota Kondeaneko aldapako etxebizitzak dira horren adierazle nagusienak».

Aipatzekoa da, Iurreamendiko eremuan eraikiko diren 141 etxebizitzetatik, 23 babes ofizialekoak izango direla, eta 40, berriz, tasatuak. «Visesarekin harremanetan gaude, Amarozko eremuan alokairura bideratuko diren etxebizitza berriak egin eta susta ditzaten», azaldu dute. «Egungo egoeran, are gehiago bultzatu behar dugu alokairua herrian, behar bereziak dituzten herritarrak kontuan izanik, eta bereziki babestuz. Guretzat lehentasunezkoa da, etxebizitza alorrean, herritarren beharrei erantzutea eta gazteei bertan bizitzeko aukera eskaintzea», gaineratu dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!