Ero Etxe Elkartearen Krosa ez egitea erabaki dute

Ataria 2020ko abenduaren 7a

34. edizioa urtarrilaren 24an egitekoa zen, baina elkarteko kideak udaleko ordezkariekin elkartu ondoren, bertan behera uztea erabaki dute.

Ero Etxeko krosaren batzordeak eta Tolosako Udaleko Kirol Sailak batzarra egin dute, urtarrilaren 24ko krosaren inguruan hitz egiteko. Bilera horretatik ondorengo erabakiarekin atera dira bi aldeak: Ero Etxeko Elkartearen 34. Krosa bertan behera geratzen da. Honela azaldu dute elkarteko batzordetik: "Ero Etxe Elkarteko kideok urtez urte gure krosa aurrera eramaten lagundu diguten ikastola, ikastetxe, babesle eta herritarrei jakinarazten diegu ez dugula antolatuko XXXIV. edizioa, 2021eko urtarrilaren 24an egitekoa zena. Kontuan izanda COVID-19ak eragin duen egoera eta jarraitu beharreko aholkuak, eta aintzat hartuta horrelako ekitaldi batek ekar ditzakeen arriskuak".

2022ra begira jarri dira Ero Etxeko kideak: "Gure eguneroko jarduna normaltasunera eta bere onera etorriko delako uste sendoan, eta orain arteko gogoarekin eta ilusioarekin jarraitzeko asmotan, nahiko genuke 2022ko edizioan ere gurekin izatea eta zuen laguntza ezinbestekoa jasotzea, aurreko urteetan bezalaxe".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!