Oinezkoek lehentasuna izango duten zortzi gune zehaztu ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 4a, 15:00

Autoek gehienez 20 km/h abiaduran ibili beharko dute eremu horietan, eta pertsona eta oinezkoek espazio guztia erabili ahal izango dute, bai oinez pasatzeko, bai jolasteko. 

Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Planean jasotako ekintzekin aurrera jarraitzen du udalak. Oinezkoak erdigunean jarriko dituen mugikortasun eta hiri eredu baten alde lanean jarraitzeko zortzi Bizitegi-eremu izendatu dituzte: San Inazio kalea, Laskoain kalea, Pintor Lekuona, Paulo Rekondo kalea, Zumalakarregi pasealekua, Samaniego kalea eta Emeterio Arrese kalea.

Zortzi eremu horietan S-28 seinaleak jarri dituzte, herritarrek Bizitegi-eremu gisa identifika ditzaten. Eremu horietan autoek ezingo dute 20km/h abiadura gainditu eta gidariek beti eman beharko diete lehentasuna oinezkoei, errepideko edozein eremutan. Bestetik, aparkatzeko eremuetan soilik utzi ahal izango da autoa gune horietan.

Era berean, Bizitegi-eremuetan oinezkoek espazio guztia erabili ahal izango dute, errepidea eta guzti, eta beraz, edozein tokitan gurutzatu ahal izango dute kalea eta baimenduta egongo da kale horietan kirola egitea edo jolastea, arrazoirik gabe autoei enbarazurik egin gabe.

Pertsona eta gidarien ohituretan eragin zuzena izango duela esan du Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak: "Espazio publikoaren erabileraren inguruko filosofia aldaketa dakar, eremu horietan jada ez baitute autoek izango nagusitasuna, pertsonek eta oinezkoek baizik". Esan du Mugikortasun Plana estrategikoa dela udal gobernuarentzat, "urratsez urrats, Tolosa atseginagoa, seguruagoa, jasangarriagoa eta berdeagoa bihurtzeko".

Datorren urte hasieran hasiko dituzte Bizitegi-eremu izendatutako kale eta gune horiek egokitzeko obra lanak. Amantegik esan du eremu guztiak kota berean jartzea dela asmoa, espaloiak ezabatuz. "Fisionomia aldatzen denean, orain kotxeak doazen eremu horietan gero jendeari naturalki aterako zaio espazio hori bere egitea", azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!