«Egin ditudan testek konfiantza eman didate lasterketetarako»

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 2a, 19:59

Aurreko denboraldian orain arteko emaitza onenak lortu zituen Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrak, eta orain hasi behar duenean horiek errepikatu eta ahal bada hobetu nahi ditu.

Denboraldi berria hasteko irrikaz dago Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzailea. Igandean izango du lehen lasterketa, baina helburu nagusia otsaila bukaeran hasiko den Munduko Txapelketa izango du.

Denboraldi berria hastear zaude. Nola izan dira prestaketak?

Irailetik hasi ginen Stelvioko glaziarrera joaten, eta lau bat egonaldi egin ditugu. Azkena Davosen izan zen, Suitzan, eta lehiatzen hasteko gogoz gaude.

Glaziarretara joatea egokitzen zaizue prestaketak hasteko eskiatzaileei.

Oso gogorra izaten da, normalean 3.000 metrora eskiatzen dugulako, baina irailean bakarrik hor izaten dugu elurra, hemen gertuago ez dugu aukerarik. Beti Stelvio aldera joaten gara eta han egoera oso onetan eskiatzen dugu.

Zer sentsazio dituzu?

Oso ondo ari naiz sentitzen eskien gainean. Test batzuk egin ditut, eta oso ondo sentitu naiz. Testak bakarrik dira, baina pixka bat erakusten dute non zauden eta nola joan den entrenamendua udara guztian. Lasterketak gertu daudenez, konfiantza ematen dit eta uste dut horietan ondo moldatuko naizela.

Udan beste entrenamendu mota batzuk egitea egokitzen zaizue.

Bai, rolleskia asko egiten dugu. Denetarik egiten dugu lan aerobikoa mantentzeko, eta rolleskia teknika mantentzeko egiten dugu. Gero alde pixka bat izaten da eskiak hartzerakoan, baina orain eskiekin aritzea tokatzen da, eta horretan gaude.

Hain justu, rolleskian Espainiako Txapelketa irabazi zenuen.

Otsailetik lasterketarik egin gabe nengoen eta gogoa nuen dortsala jartzeko. Zuzenean joan nintzen egonalditik, irabazi egin nuen, eta sentsazio onekin joateko aukera dut orain neguko denboraldira.

Lehenengo proba noiz izango duzu?

Abenduaren 6an hasiko naiz, Goms-en (Suitza). Berez Munduko Kopako proba egin behar genuen, baina bertan behera geratu da, eta azkenean Europako Kopako proba izango da egingo duguna. Ondoren, hurrengo astean, Munduko Kopako proba egingo dugu Davosen (Suitza).

Aurtengo denboraldian zein izango duzu proba nagusia?

Munduko Txapelketa egingo da denboraldi honetan, otsailaren bukaeran eta martxoaren hasieran, Oberstdorf-en (Alemania), eta hori izango da helburu nagusia. Prestaketa guztiak horri begira izaten ari dira.

Helburu jakinen bat baduzu dagoeneko Munduko Txapelketari begira, edo denboraldiak aurrera egin ahala zehazten joango zara?

Zehazten joango da denboraldian zehar, baina aurreko denboraldian Munduko Kopan ondo aritu nintzen, eta orduan lortutako postu nagusia, 26.ena, hobetu nahiko nuke.

Munduko Txapelketa izanik, lehiakortasun gehiago izango da Munduko Kopa batean baino, ezta?

Berez zailagoa izaten da Munduko Kopan emaitzak lortzea, jende gehiago joaten delako. Munduko Txapelketara gehienez lau eskiatzaile joan daitezke selekzio bakoitzetik, eta Munduko Kopara herrialde bakoitzetik gehienez zortzi joan daitezke.

Aurreko denboraldian, orain arteko emaitzarik onenak lortu zenituen. Hori gutxienez errepikatzea duzu helburu, baina ez da urte aproposena izan prestaketarako.

Emaitza horietara gerturatzen banaiz kontentu egongo naiz, baina beti hobetu nahi izaten da, eta ikusiko da. Koronabirusarengatik urte berezia izan da, baina azkenean gure prestakuntza ez da asko gutxitu.

Aurreko denboraldia ezin izan zenuten guztiz bukatu.

Hori da, lasterketen azken hilabetea galdu genuen. Baina udako prestaketa aurreko urteko antzekoa izan da; pixka bat konplikatua izan da, hemen Katalunian, ezin izan delako gimnasiora joan. Baina horretaz aparte berdin entrenatu dugu.

Andorrako selekzioarekin aritu zinen prestatzen aurreko denboraldian. Aurten ere horrela ari zara?

Bai, Andorrako federazioarekin nabil lanean, oso pozik, eta ez nuke ezer aldatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!