Itxuraldaketa bete-betean ekingo dio Tolosak 2021ari

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 3a, 07:58

Urtarrilean hasiko dira Laskoain kalea eraberritzeko lanekin; aurrerago, Gernikako Arbola inguruan eta Euskal Herria plazan egingo dituzte obrak.

2019-2023 Legealdi Planean jasotako proiektuak aurrera eramaten jarraitzeko helburuarekin, 2020ko aurrekontuak egokitzerakoan, inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egin du Tolosako udal gobernuak, jarduera ekonomikoa sustatzeko. Aurten, baina, COVID-19aren pandemiak sortu dituen behar berrietara bideratu behar izan ditu, udalak, indar eta baliabide gehien. Larrialdi egoeraren ondorioz, administrazio epeak etenda izan dira hilabetetan, eta horrek atzeratu egin ditu aurtengo obren aurreikuspenak.

Gauzak horrela, dagoeneko esleitu dituzte Laskoain kalea eraberritzeko lanak. Construcciones Mariezcurrena S.L. enpresa arduratuko da horiek aurrera eramatez, 546.470,63 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Urtarrilean ekingo diete lanei, eta zotzi hilabeteko iraupena izango dute. «Gabonak garai berezi eta garrantzitsuak izaten dira merkataritzarentzat; beraz, obrak atzeratzeko erabakia horien jardueraren mesedetan hartu da», adierazi dute udaletik.

Hala ere, obrei ekin aurretik, bizilagunekin eta merkatariekin bilduko da udala, lanen inguruko azalpenak emateko. Abenduaren 9an izango dira bi bilerak, kultur etxeko areto nagusian: 13:30ean merkatariekin eta 19:30ean bizilagunekin. Udal teknikariek eta obra gauzatzeaz arduratuko den enpresako ordezkariak hartuko dute parte, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Egungo egoera kontuan izanda, edukiera zaindu eta bertaratu nahi dutenen segurtasuna bermatze aldera, bileretan parte hartzeko, ostirala baino lehen eman behar da izena. Merkatarien kasuan, bertaratzeko interesa dutenek, ooiartzabal@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 697 521 zenbakira deitu behar dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Bizilagunek, berriz, udate@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi edo 010 edo 943 654 466 telefono zenbakietara deitu behar dute (07:15eatik 14:15eara bitartean, eta ostegunetan 19:00etara bitartean).

Kalearen eraberritzearekin, bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udal gobernuak, Nafarroa etorbidearekin eta Gudari kalearekin gertatu bezala. Helburu berarekin, Laskoain kalean ere, Gune Biziak proiektua garatuko du, merkataritza paisaia berreskuratu eta sektoreko jarduera sustatzeko.

Oinezkoek lehentasun osoa

Besteak beste, hornikuntza sarea berrituko du eta hiri altzari eta lorategi berriak jarriko dituzte Laskoain kalean, azpiegitura eta zorua eraberrituz. Jasangarritasunaren bidean, euri urak eta ur zikinak bereizteko, saneamendu sarea ere berrituko du. Gainera, argiztapenari dagokionez, Led argiak jarriko dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaldu eta errepidearen maila berean jarriko dituzte; «elkarbizitza gunea» izendatuko du, oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten.

Espaloiak zabaldu ahal izateko, aparkaleku kopurua gutxituko du; hori bakarrik ez, izan ere, zamalanetarako tokia ordenatu egingo du eta edukiontziak kokaleku berri batean jarriko dituzte. Zirkulazioaren norabideak, ordea, bere horretan mantenduko dituzte, baina autoek abiadura murriztu beharko dute bertan.

Beste bi esleipen martxan

Behin Laskoain kaleko obrak martxan direla, Gernikako Arbola inguruko obrei eta Euskal Herria plazako lanei ekingo diete. Horien esleipenak martxan daude jada, eta udalak abiarazi ditu bi prozesuak. Aurreikuspenen arabera, 2021eko martxoan ekingo diete bi obra horiei. Euskal Herria plazan, arkupe azpiko zorua eraberrituko dute. Gernikako Arbola inguruan, berriz, ur hornidura eta saneamendu sarea berritzeko lanak amaitu dituztenez, bigarren faseari ekingo zaio.

Hiru helburu ditu bigarren faseak: bertako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea, azpiegiturak berritzea, eta genero ikuspegiari dagokionez, eremua seguruagoa bilakatzea. Lanei dagokienez, espaloien zabalera handitu, eta errepidearen maila berean jarriko dute, oinezkoei lehentasuna emanez. Gainera, eremuaren bi ertzetako (anbulatorioa eta San Frantzisko pasealeku inguruak) arrapalak berrituko dituzte, irisgarriagoak eta seguruagoak izan daitezen.

Laskoain kalean bezala, bere horretan mantenduko dute zirkulazioaren noranzkoa; horrez gain, baita hamalau aparkaleku ere. Bestetik, landarediz eta zuhaitzez hornituko dute eremua, eserleku berriak jarriko dituzte, eta azpiegiturei dagokienez, lur azpian sartuko dituzte aireko lineak eta urbanizatutako eremu guztian LED argiak jarriko dira, energia kontsumoa murrizteko.

Uzturpen, estalki berria

Aurtengo aurrekontuetan jasotako obra izanik, jada hasi dira Uzturpe frontoiko estalkia eraberritzen. Osorik berrituko dute itxitura, baita hegoaldeko fatxadaren zati bat ere. «Itogin arazoei eta estalki zatien erorikoei irtenbidea ematea da helburua. Azken denboraleen ondorioz, okerrera egin du estalkiaren egoerak, lanak beharrezko bilakatuz», diote udaletik. Cubertect S.L. enpresa ari da lanak gauzatzen, 151.842,67 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta urtarrilean amaituta izatea aurreikusi dute. Ondoren, eta energia berriztagarriaren aldeko apustua eginez, eguzki-panel berriak jartzea da helburua; Ferialekuan ere laster jarriko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!