Keinu txikiak egiteko aukera, urtarriletik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 2a, 16:59

Orain inoiz baino gehiago, Guztion artean Tolosatzen prozesuan tolosarrek egindako ekarpenetatik abiatuta osatu da Tolosatzen aliantza. Egutegi formatuan jaso dituzte herritarrek proposatutako keinu txikiak eta urtarriletik aurrera horietan oinarritutako keinuak egiteko gonbita luzatuko diete herritarrei. 

Ekainean abiatutako Orain inoiz baino gehiago, Guztion artean Tolosatzen partaidetza prozesuak aurrera jarraitzen du. Ordutik 6 saio egin dituzte gai zehatzak landuz; ongizatea, kultura, ekonomia eta ingurumena. Eta gai horiek gainera, ikuspegi ezberdinetatik aztertu dituzte: «Aurrekontuetarako proposamenak egin dira eta norbanako gisa egin ditzakegun ekintza edota keinu txikien inguruko hausnarketa eta lanketa egin da elkarrekin eta keinu txikien bidez Tolosa hobea eraikitzeko». 

«Gizarte eta herri modura egoera guzti honetatik indartuago atera gaitzen gobernantza parte hartzailea paradigma berri honen erdigunean kokatzea ezinbestekoa da eta Tolosatzen herri aliantzaren bidez, ekintza txikien bitartez, herritarrak Tolosako errealitate berriaren eredu eta eraikitzaile izan daitezen sustatu nahi dugu», azpimarratu du, Joseba Ormazabal Komunitatea eta Gobernantza arloko zinegotziak. «Horregatik herritarren parte hartze eta inplikazioa ezinbestekoak dira Tolosatzen Aliantzarako», gehitu du.  «Komunitate bat osatzen dugu eta keinu txikien bitartez jende askoren bizimodua alda dezakegu, komunitatean bat eginda, gure etorkizuna elkarrekin marrazteko, bakoitzaren begi eta begiradetatik abiatuta, herritar gisa ahaldunduz, komunitate gisa indartzeko eta elkar zaintzeko»,  esan du Ormazabalek.

Orain arte herritarrek, udal teknikariek eta ordezkari politikoek egin dituzte ekarpenak eta horiekin ekintza txikien sorta osatu dute. Ekintza horiek egutegi batean jaso dituzte eta helburua da herritarrek egunerokoan aplikatzea. Hilabete bakoitzak gai bat izango du eta keinu txikiak horietara lotuta egongo dira. Egutegia abenduan etxe guztietara banatuko dute eta baita Tolosako ikastetxeetan ere.  Udalak hala ere, webgune bat sortu du eta bertan ikusi ahal izango dira hileroko keinu txikiak. Herritarrek aplikazio baten bitartez hilabete horretan egindako ekintzak markatu ahal izango dituzte eta horrela Tolosatzen aliantzaren betetze maila ezagutu ahal izango du udalak. 

Komunikazio kanpaina berezia ere egingo du udalak hilero herritarrei gogorarazteko hileko gaia zein den eta zein keinu txiki tokatzen den zabaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!