Lanbide-heziketako gazteek hondakinen prebentziorako eta kudeaketa egokirako egiten dituzten jarduerak islatu nahi izan dituzte. Helburua Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetako ikasleak sentsibilizatzea eta filosofia hori zabaltzea izan dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pasa den astean banatu zituzten diplomak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eman zituen. Tolosako Peñascal Fundazioak parte hartu du egitasmoan eta baita Andoaingo Lasalle Berrozpek, Azkoitiko Izarraitzek, Elgoibarko Mekak, Donostiako Don Boscok eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak ere. Sei ikastetxe horietako gazteek irakasleen laguntzarekin lan egin dute material birziklatuekin egindako eskulturak hausnartu, diseinatu eta egiteko.
"Funtsezkoa da gazteei lekua eta ahotsa ematea, ekonomia zirkularrari eta garapen jasangarriari buruz duten ikuspegia eman diezaguten”, esan du Asensiok. Izan ere, ekonomia zirkularra da sailaren helburu estrategikoetako bat, hondakinak murrizteko eta lehengai gisa erabiliko dituen sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko. "Gaur egun, birziklapenaren sektoreak 5.000 langile ditu Gipuzkoan, eta uste da industria-gaitasun nahikoa dagoela kopuru horiek bikoizteko eta 2030ean 10.000 lanpostu betetzeko", esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak.