Bizirik jarraitzen du sorgin ehizak

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 28a, 10:58

Sorginak erakusketa ikusgai dago Tolosako Aranburu jauregian, eta urtarrilaren 9a bitarte egongo da; 51 emakumeren artelanak biltzen ditu EmPoderArte AIMA elkarteak, eta Tolosaldera etorrita, eskualdeko zortzi emakumeri luzatu die beren lanak ikusgai jartzeko aukera.

Sorgina. Emakumea. Artea. Otsailean Euskal Herrian eman zion hasiera Sorginak erakusketak. Ez da kasualitatea, eta horrela izan behar zuela erabaki zuten, «hemen eman zelako sorginen ehiza, eta hemen bukatzen delako». EmPoderArte AIMA, emakume artisten elkarte internazionala da, eta erakusketak bere hirugarren geldialdia egingo du Tolosan. Urtarrilaren 9a bitarte egongo dira artelanak ikusgai Aranburu jauregian, eta Tolosara dakartela aprobetxatuta, eskualdeko zortzi artisten lanak ere batu dira emakume artistek osatzen duten erakusketara.

Miren Atxaga, Nisa Goiburu, Txitxi Orbegozo, Idoia Elosegi, Oihana Ugarte, Maria Cueto, Arantza Munita eta Miren Gonzalez dira eskualdekoak. Elkarteak emakume artistak biltzen ditu, eta biltzeaz gain, beraien lanak ikustera ematea du helburu. EmPoderArte elkarteak 2014az geroztik erakusketak egiten ditu, eta irabazi asmorik gabeko elkartea da. «Emakumeak artearen munduan ikusgarri eginez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eskatuz eta indarkeria matxista salatuz», aritzen direla azpimarratzen du Sara Beiztegi komisarioak. «XV. eta XVIII. mendeetan sorgin ehiza izenekoan egindako ankerkeriei buruzko erakusketa da, eta emakume guztiek irakurri dituzte pasarteak edo liburuak komisarioek gomendatuta», azaldu du Beiztegik.

Artista bakoitzak bere interpretazioa egin du: «Sorginkeriaz akusatutako milaka emakumeren jazarpenak, torturak eta heriotzak salatzen dira».

Emakume osasuntsuak eta aztiak zirela, eta emagin gisa aritzen zirela ekarri dute gogora, baina «emakume haiek uko egin zioten eta ez zuten onartu nahi izan gizon baten mende egotea, ugaltzea eta zaintzea». Gizonen babesetik urrun zeuden emakumeak ziren sorginak.

Egoerak dramatikoa izaten jarraitzen duela azaldu du Miren Atxaga komisario tolosarrak: «Oraindik jarraitzen du sorgin ehizak. Ez da surik, orain ez dago inkisiziorik, baina orain badago indarkeria eta baita indarkeria instituzionala ere».

Emakumea da hizkuntza eta ohiturak transmitzen dituena dio, eta «kultura bat suntsitu nahi denean emakumea zigortu egiten da».

Miren Atxagak bere Suaren elikagai jakintsua lana jarri du erakusketan. 2019an eginiko lana da, eta triptiko bat da. Itzulerarik gabeko bidaia bat irudikatzen du.

Idoia Elosegi tolosarrak Izenburu gabea artelana jarri du. Aurten egina da, beso zabalik eta triku arantzaz betea dagoen emakumea aurkezten du. Bortxarekiko autobabesa eta ukiezintasuna adierazten ditu, baina baita askatasuna ere.

Arantza Munita irurarrak iaz eginiko lana aurkeztu du Sorginak erakusketan, eta Etxe sorginduak deitu dio. Sormenarekin lotua. Hiru etxe, eta etxe bakoitzean «emakume batek pizten du su garra, bizitzaren sua elikatzen». Emakume sorgina. «Emakumeak bizitzaren erantzukizuna izan du naturalki, elikagaiak transformatzearen magia, sukaldean, emakume sorginen txokoan».

Maria Cueto berastegiarrak Abalos III eta IV lana jarri nahi izan du Aranburu jauregian. «Ardoak ematen duen poztasuna eta festa» irudikatzen du artistaren hitzetan. Poztasunaren aldarrikapenaren gainekoa da, eta Akelarrei erreferentzia eginez, ontzen ari den ardoaren irakitea, zoriontasuna eta poztasun leherketa.

Miren Gonzalez tolosarrak 2011n eginiko koadroa du zintzilikatuta erakusketan: Alecum Salam. 2011. urtean sortua, Saharar herrialde okupatuetara egindako bidaia baten ostean, bertan bizitutakoa islatzen du. «Kolonialista espainiarrek emakume sahararren rola beren herrian bertan aldatzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu sorgin bat bera ere harrapatzerik. Lan politiko eta militantea egiten jarraitu dute, eta jarraitzen dute». Modu horretan konektatu duela aitortzen du artistak.

Txitxi Orbegozok Apurtezina artelana egin du. Eguneroko bizitzan naturarekiko harremanean erabiltzen diren materialez osatu du. Egurra basoaren arima, artilea elkarri lotu eta babesteko eta suaren suntsiketaren bidez, bizitza jaiotzeko. Erre zituzten emakumeek, dena galdu zutenean, azken momentuan zer senti zezaketen adierazi nahi izan du, eta bakoitzak bere buruari galdera egitea nahi du artistak.

Oihana Ugarte tolosarrak aurten eginiko Sorgin haizea lana jarri du erakusketan. Hego haizea, gau epela, uluka ilargiari... «Gure aurreko emakumeek naturarekin, lurrarekin, haizearekin, ilargiarekin nola zuten harremana, eta gure mitologian Mari nola ibiltzen zen irudikatu nahi izan dut».

Nisa Goiburu artista tolosarrak 2011n eginiko Ilargi Gorria artelana aukeratu du. «Emakumeok aurrera eramaten ari garen borroka guzti honi esperantza jarri nahi izan diot», argitu Goiburuk. Sua jarri du erretako emakumeak irudikatuz, baina berritzea ere esan nahi du. Sua eta ilargia. Ilargi gorria eta bere bizi-zikloak. 

Azken finean, gaur egun, oraindik ere, emakume askok bizi dituzten egoera latzak salatu nahi dituzte Sorginak erakusketarekin. Eraso matxistak guztiak. Eskualdeko artisten lanez gain, ordea, beste asko eta asko daude, eta Aranburu jauregiak ateak zabalik izango ditu 17:30etik 20:30era. Abenduaren 18an, ostiralez, bisita gidatu bat hitzartua dute, 19:00etan. Bi hizkuntzatan egingo dute, eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Berdintasun Sailarekin harremanetan jarrita. 943 67 03 83 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora idatzita. Horrez gain, bisita gidaturen bat antolatzeko aukera izango da Berdintasun Sailarekin hitz eginda.

Komisarioak: Sara Beiztegi, Miren Atxaga eta Estefania Ocampos.

EmPoderArten parte hartzen duten artistak: Amalfy Fuenmayor, Ana Maria Vacas, Asuncion Bau, Caroline Krabbe, Cristina Gutierrez Meurs, Ela Rabasco, Elisabet Roldan Rojo, Erica Landfors, Estefania Ocampos, Esther Galarza , Eva Riol, Gabriela Estrada de Isolbi, Goiuri Aldekoa-Otalora, Helena Revuelta, Karolina Kinnander Ciempies, Leire Kareaga, Luz Velasco, Maria Garcia del Salto, Maria Jesus Aragoneses, Marian M. Cañizares, Marivi Ibarrola, Marta Giron, Marta Lage de la Rosa, Miren Atxaga, Monika Rühle, Montse Rodriguez Herrero, Nuria Vicente, Patricia Fridman, Paz Barreiro, Pepa Santamaria, Prado Toro, Rosa Gallego del Peso, Rosa Virgili Abello, Sandra Parra Cardenas, Sara Beiztegi, Silvia Martinez Cano, Susana Garcia Ungo, Susana Ribuffo eta Viriviana Duncan.

Artista gonbidatuak: Andrea Abalia, Arantza Munita, Dara Bonino, Idoia Elosegi, Itziar Insausti, Maitena Salinas Beiztegi, María Cueto, Martina Dasnoy, Miren Gonzalez, Nisa Goiburu, Oihana Ugarte, Txaro Arrazola eta Txitxi Orbegozo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!