Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

"Ikasle langileok indarkeria matxistaren aurrean, antolakuntza berresten dugu"

Ataria 2020ko aza. 25a, 18:30

Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Feministek hitzaldia eta elkarretaratzea egin dute goizean, azaroaren 25aren harira; ehunka ikasle bildu dira indarkeria matxistarekin amaitzeko eskatzera.

Hona hemen egin duten irakurketa:

"Azaroaren 25a dugu gaur, emakumearenganako indarkeriaren aurkako eguna. Indarkeria mota hau borrokatzeko, beharrezkoa deritzogu indarkeria matxistak egun jokatzen duen funtzioa ulertzea. Hala ere, emakumearenganako indarkeriaren funtzioa ulertu ahal izateko, beharrezkoa zaigu egiturazko indarkeria orokorrak gaur egun betetzen duen papera azpimarratzea.

Egiturazko indarkeria orokor hau, fenomeno sistematiko gisara ulertu behar da. Gure egunerokotasunean pairatzen dugun indarkeria mutua litzateke, guztiz normalizatuta duguna, baina indarkeria izaten jarraitzen duena. Botere burgesak langile klasearen aurka egikaritzen duen indarkeria da: indarkeria da lanera joan behar izatea biziraun ahal izateko; indarkeria da irakaslearen hitza zalantzan jarri ezin izatea; indarkeria da gure bizitzak guztiz merkantilizatuta izatea, eta abar. Indarkeria forma orokor hauen baitan, badago zehazki emakume langileongan erreproduzitzen den zapalkuntza forma konkretu bat: indarkeria matxista. Emakume langileak, aurrez aipaturiko indarkeria-forma guztiak pairatzeaz gain, indarkeria matxistaren zapalkuntza sistematikoa ere jasan behar du.

Fenomeno honen helburua, azken finean, gizarteko botere estrukturala mantentzea da, hau da, botere burgesa bermatzean oinarritzen da, emakumea subjektu debaluatu izateko baldintzak jarriz. Ikusi besterik ez dugu nola EAEn eta Nafarroan 2020. urtean orain arte gutxienez 5394 eraso salatu direla, edota Covid-19ak ekarri duen testuinguruak nola ahalbideratu duen indarkeria hori areagotzea.

Hezkuntza sistema emakumeon heziketarako ezinbesteko instituzioa izanik, garrantzitsua da ulertzea nola eragiten dion horrek guztiak emakume langileari hezkuntza esparruan.

Kapitalismoaren hezkuntza sistemak garrantzia handia duela uste dugu, izan ere, ikasle isil eta sumisoak sortzeaz gain, lan-merkatuaren beharretara egokitzen diren ikasle prototipo zehatzak sortzen ditu.

Funtzio hori aurrera eraman ahal izateko, etorkizunean lan-merkatuan txertatuak izango diren zapaldutako subjektibitateak sortzea beharrezkoa zaio. Izan ere, orokorrean, kapitalaren beharren arabera hezten gaituzte, eta heziketa honetan bada normalizatua izanda ere, ahaztu ezin dugun fenomeno bat: indarkeria matxista, hain zuzen ere. Indarkeria matxista hau, inposaturiko genero rolak erreproduzituz edota ikasle zein irakasleen komentario matxistak entzunez barneratu eta erreproduzitzen dugun gertakari gisa ulertu behar dugu.

Horregatik guztiagatik, gure konpromiso osoa adierazi nahi dugu hezkuntza sistemak indarkeria matxistaren erreprodukzioan betetzen duen papera seinalatu eta salatzen jarraitzeko.

Beraz, gure jardunaren funtsa ikastetxean generoari lotuta eman daitezkeen bazterketa-egoerekin edota figura ezberdinek izan ditzaketen jarrera matxistekin amaitzea izan behar da. Era berean, sistema kapitalistak sostengatzen duen harreman eredu bortitz eta matxista iraultzea ezinbestekoa izango da, beste mundu baten eraikuntza abiarazteko.

Ildo honetan, ikasle langileok bizitza biolentoen aurrean, eta indarkeria matxistaren aurrean, antolakuntzaren hautuan berresten gara.

GORA EMAKUME LANGILEAREN BORROKA!

GORA IKASLE LANGILEON BORROKA!"

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!