Ikusgaitzak kanpainaren baitan, harrera familien bila dabiltza

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 26a, 14:46

Ahalik eta familia gehien lortzea da proiektuaren helburua, babesgabetasun egoeran dauden haurrak ikusgarri egiteko

Gipuzkoako haur eta nerabeentzat harrera familiak bilatzeko Foru Aldundiak sortutako ekimenarekin bat egin du Tolosako Udalak. Hainbat arrazoirengatik, haien familiarekin bizi ezin direnez, haiei harrera egingo dieten pertsonak eta familiak bilatzen ari da aldundia, Ikusgaitzak kanpainaren bitartez. «Ikusezinak izateari uztea behar dute haur hauek. Familietatik urrun bizi dira eta gabezia asko dituzte, baina, guztien gainetik, maitasuna eta onarpena behar dituzte».

Egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabe asko Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespeko harrera-zentroetan bizi dira, egunero arreta jartzen duten profesionalen zaintzapean. «Behar bezala artatu arren, ezinezkoa da familia batean ematen den berotasuna sortzea. Izan ere, 3, 8 edo 13 urte dituzten haurrak, etxe batean eta familia batekin bizi beharko lirateke, gainerako gehienak bezala», azaltzen dute Beroa Gipuzkoako Familia Harreragileen Elkartetik.

Ondorioz, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeak etxean hartu eta hezteko, Gipuzkoan 60 familia behar direla nabarmentzen dute. «COVID-19a dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da babesgabetasun egoeran dauden haurrei familiak bilatzea. Aldaketa bortitzak jasan dituzte, hala nola, bakardadea, beldurra eta ziurgabetasun handia», diote.

Harrera-familia mota ezberdinak daude, eta norberak nahi duena aukeratu dezake, bere eskuragarritasunaren arabera. «Harrera ez da adopzio bat, ezta horretara iristeko urrats bat ere; laguntzeko modu bat da. Ez du bilatzen haurraren familia ordezkatzea, une oro errespetatu behar baita». Informazio gehiago jaso edo kanpainan parte hartu nahi duenak, familiaharrera@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatzi edo 943 11 25 22 telefono zenbakira deitu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!