Andia Dorrearen alboko eraikineko obra geratzea eskatu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 25a, 16:44

Tolosako eraikin zaharrenari buruzko ikerketa abiatzeko interesa azaldu du herritar talde batek; «balio historikoaren parte da, eta ezaugarri ezezagun ugari ditu», azaltzen dute

Tolosako Kale Nagusiko 17. zenbakiko etxea bota ondoren, agerian geratu da Andia Dorrearen iparraldeko fatxadako horma, ondoan baitago. Hori, baina, denbora tarte labur baterako izango dela dirudi, hasiak baitira botatako eraikineko lanekin. Historialarien eta hirigintzako adituen arabera, ezagutzen direnen artean, Tolosan eraiki zen lehen eraikina da Andia Dorrea, eta haren inguruan hasi omen zen hiribildua sortzen.

Orain, interes handia azaldu du herritar talde batek, eta uste du egokia dela eraikin historiko horretako fatxadaren ezaugarriak aztertzea. Interesa azaldu dutenen artean aurkitzen dira Antxon Olalde Nievas eta Jesus Mari Agirre Mauleon tolosarrak. Tolosako Udalak fatxada horren balio historikoari buruzko azterketa teknikoa egin dezan nahi dute; ezkutuan egon da ondoko eraikina eraitsi arte. Horrela, udalak obra «aldi baterako» geldiarazteko eta dagokion ikerketa «presaz» egiteko eskaera erregistratu dute. «Oraindik garaiz gabiltza egin beharreko ikerketa lanak egiteko; solairu berriak eraikita egon arren, iparraldeko hormak agerian jarraitzen du. Dagoeneko eraikita dauden solairuetatik egin daiteke azterketa. Beharrezkoa balitz, eraikitzaileari konpentsazioa eman beharko litzaiokeela uste dugu, eta ikerketaren emaitza jendaurrean aurkeztu», diote ekimenaren sustatzaileek.

Nabarmentzekoa da, herritar talde honek irailaren 22an aurkeztu zuela eskaera formala udaletxean, fatxadaren, eta oro har, balio historikoaren gaineko azterketa egin zezaten. Bi hilabete igaro ondoren, ordea, aurrera jarraitzen dute obrekin, «erritmo bizian, gainera». Hori dela eta, lanak geldiarazteko eskatu behar izan dute. «Ez dakigu udalak horri buruzko ekintzarik egin duen», gaineratzen dute Olaldek eta Agirrek.

Behar baino datu gutxiago

Andia Dorreari buruzko informazio eta dokumentazio gutxi dago: «Ez da dorrearen planorik ez dokumentazio deskribatzailerik ezagutzen, grabatu figuratibo batzuk izan ezik. Gaur egun, dorrearen jatorrizko hondakin gutxi batzuk besterik ez dira geratzen: hiru gargola goialdean eta armarriaren hondakinak».

Alde horretatik, eta egungo egoerari esker, fatxada ikertzeko azterketa tekniko bat egin daitekeela aipatzen dute. «Dorrearen harlanduzko harrizko leihoak argitara eraman daitezen nahi dugu, nahiz eta beste zulo batzuk ere badiren. Dokumentazio hori jasotzea nahi dugu, informazio hori ondorengo belaunaldientzat eta herriko historiarako gera dadin», nabarmentzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!