Aurten birtualki egingo da abenduaren 31ko elkartasun krosa

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 25a, 17:42

Aurreko urteetako krosetako kamisetekin argazki bat atera eta abenduaren 20a baino lehen bidali beharko zaie antolatzaileei, hauek urteko azken egunerako bideo bat osatu dezaten.

Egungo egoera ikusita, Tolosako Elkartasun Krosaren XXIII. Edizioa birtualki egitea adostu dute Samaniego eskolako eta Orixe institutuko kirol batzordeek. “Edizio berezia izango da. Pandemiak muga berriak jarri dizkigu gure egunerokoan”, adierazi du Henar Martinez Samaniegoko kirol zuzendariak.

Hori dela eta, bertan parte hartu nahi dutenek, argazki bat atera beharko dute aurreko urteetako krosetako kamisetekin. “Oinez, korrika edota paseoan zoazela atera daiteke argazkia, edozein tokitan eta bakarka, binaka edota taldean”, esan du Aintzane Artola Samaniego eskolako gurasoak.

Behin argazkia aterata, elkartasunkrosasamaniegorixe@gmail.com helbidera bidali behar da, abenduaren 20a baino lehen. Jasotako irudiekin, bideo bat osatuko dute antolatzaileek, abenduaren 31n sare sozialetan, hedabideetan eta Tolosan dauden informazio-paneletan zabaltzeko.

Argazkiarekin batera, partaide baten izen-abizenak eta mugikor zenbakia bidaltzea ere eskatzen dute. Izan ere, udalaren laguntzaz, aurreko urteetan ekimenaren babesle izan ziren saltokietan erabiltzeko bonuak erosi, eta edizio birtualean parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko dituzte. “Aurten, elkartasuna gizartera zabaltzea pentsatu dugu, orain arte babesle izan ditugun saltoki, taberna eta enpresetara”, esan du Irune Larreta Samaniegoko zuzendariak.

Urteak dira, Koku-yo elkarteari esker, Samaniego ikastetxeak senidetze hitzarmena sinatu zuela Kolonbiako Guabas bailarako Gillermo Leon Valencia komunitatearekin. Komunitate honek, beste batzuen artean, Bibliomula proiektua sortu zuen, bailarako komunitate ezberdinetara, liburuak mandoz eramateaz arduratzen dena. Hain justu, proiektu horretara bideratu ohi dira elkartasun krosean lortutako irabaziak. Aurten, baina, ezingo dute diru bilketarik egin. Horren ordez, orain arte egiten zuten bezala, eskutitzak trukatuko dituzte Samaniego ikastetxeko ikasleek eta Kolonbiako komunitateko herritarrek. “Egoera bere onera etortzen denean, proiektu hau finantzatzen jarraituko dugu”, adierazi du Begoña Olamusu Koku-yo elkarteko kideak.

 

Kirolaren gorakada herrian

Tolosako Udalak ere babesten du ekimena. Joxe Mari Villanueva kirol zinegotziak, antolatzaileek nahiz babesleek egindako ahalegina azpimarratu eta eskertu du. “Aurten, zoritxarrez, ezinezkoa izan da kirol jarduera asko martxan jartzea. Hala ere, covid-19ak ezin izan du elkartasun kroseko antolatzaileen ilusioa zapuztu, krosa ospatuko delako, nahiz eta beste modu batera izan. Aurreko edizioetan, tolosarren prestutasunaz gain, ezinbestekoa izan da herriko merkatari eta ostalariek emandako laguntza”.

Horrez gain, azken urteetan, Tolosan kirol jarduera askok hartu duten indarra nabarmendu du, eta aldaketa hori gerta zedin, Samaniego eta Orixe ikastetxeetako kirol batzordeek egindako ekarpena “garrantzitsua” izan dela azaldu du. “Elkartasun krosaren antolaketari esker, urteko azken egunean, jendez betetzen dira gure kaleak, elkartasun festarako espazio bihurtuz”.

Azkenik, Villanuevak, aurtengo edizioan parte hartzeko gonbita luzatu die Tolosako nahiz eskualdeko herritarrei. “Azken urtean, 1.300 lagunek hartu zuten parte krosean; aurten, baina, gehiago izan behar dugu”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!