Garraiatzen gintuen `Hercules´ hegazkineko txoko batean kikilduta eta zarata jasanezin bat bidelagun edukita, etxetik aldentzea gero eta gogorragoa egiten ari zitzaidan. Lurreratu eta hegazkinetik irten bezain laster legionarioak izan genituen zain, abenturazko bizi bat eskainiz beraiekin bat eginez gero. Ni oso gaztea nintzen, baita zentzuduna ere, haiei ezetz erantzun eta alde egiteko. «Lehenengo froga gaindituta», esan nion neure buruari.
Instrukzio kanpamentuan, Aaiundik 20 bat kilometrora, bi hilabete igaro nituen; jarraibide, zigor, tiro-ariketa, oroitzapen, eta mozkorraldien artean. Esan beharra daukat sekula ez ditudala ahaztuko bertan ikusi ahal izan nituen egunsentiak, itsasoa, desertua… Ez naiz inoiz argazkilari ona izan, zuek imajinatu beharko duzue. Zutik, fusila bizkarrean nuela isiltasuna soilik nuen lekuko. Horrela, desertuko hondar, Itsaso, izar eta egun eguzkitsuen artean amaitu ziren nire egunak bertan.
Aaiunera bidali ninduten ondoren, lau hilabetez, zehazki Garraio Bulegora. Egoera lasaia zen, Estatu Espainola ez zen Fronte Polisarioaren arerioa. Benetako etsaia Maroko zen, FosBucrako meategiak bereganatu eta sahararrak kanporatu nahi zituena. Ia egun guztiak berdinak ziren niretzat… Ia guztiak… Arratsalde batean nik ezer jakin gabe, Manolo eta Pepi (nire aita-amaginarrebak izango zirenak) bixitan azaldu zireneko egun ahaztezina izan ezik.
-Iturralde, tiene usted una visita-. Esan zidan nire nagusiak. Benetan hunkituta sentitu nintzen Pepik besotik heldu eta hirurok batera paseatzera irten ginenean.
Saharar asko ere izan nituen lagun, arratsaldetan haiengana hurbildu eta jaimetan egoten ginen berriketan te bat hartzen genuen bitartean.
Egun batean ordea dena amaitu zen. Marokok Martxa Berdea antolatu zuen (300.000 pertsona Rabatetik Aaiunera basamortua zeharkatuz) eta Espainiak amore eman zuen. Espainiar Estatua eta Maroko akordio batera iritsi ziren. Handik irten nintzen lagunei agur esateko aukerarik izan gabe, triste, egunsenti gorrixken oroitzapenarekin eta motxila astun batekin, TRAIZIOZ BETETA, bizkarrean».
«Handik irten nintzen lagunei agur esateko aukerarik izan gabe, triste, egunsenti gorrixken oroitzapenarekin eta motxila astun batekin, TRAIZIOZ BETETA, bizkarrean»
Nire aitak beti esaten du traizio baten lekuko izan zela. Behin eta berriz kontatu didan istorioa berriro errepikatzeko eskatu diot gaur, nik sentitu eta ulertzeko berak bizi izan zuena. Nire atton-amonek martxa berdea ikusi ahal izan zuten hegazkinetik, tamalez jadanik ez daude gure artean oroitzapen haiek berreskuratzeko.
Beraien eta nire aitaren izenean idatziko dut nik:
SAHARA HURRA!!!