Hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzeko, hainbat ekintza

Ataria 2020ko aza. 23a, 13:37

Hilaren 21etik 29ra bitarte ospatzen den Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ekimenera batu da Tolosako Udala

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ospatzen ari dira egun hauetan. Aurten ere, Tolosako Udalak bat egin du ekimenarekin; horregatik, ekintza ugari antolatu ditu, hondakinen murrizketa lortu eta jasangarritasunaren inguruan kontzientzia piztea helburu dutenak.

Hondakin ikusezinak da aurtengo gaia. Produktuak fabrikatzeko prozesuan sortutako hondakinak dira, kopuru handitan sortu ohi direnak. «Hauen zati bat ezin daiteke birziklatu; ondorioz, zabortegietan eta erraustegietan amaitzen dute. Ekoizpena eta kontsumoa jasangarria izan dadin, produktuek bizitza luzeagoa izan behar dute, konpontzeko eta birziklatzeko errazagoak izan behar dute. Produktu baten bizitza areagotzeak ekoizpen berri baten beharra murrizten du, eta ondorioz, fabrikazioan sortzen diren hondakinen kopurua jaitsi egiten da.

Arestian aipatu moduan, zenbait ekintza antolatu ditu udalak egun hauetarako. Dagoeneko ikusgai dago Karelia erakusketa, Aranburu Jauregian, urtarrilaren 9ra bitarte. Tytti Thusberg moda iraunkorraren sortzaile eta diseinatzaile finlandiarrak, iraunkortasuna, kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bateratzen ditu, ehungintzaren bitartez. Diseinatzailearekin erakusketaren bisita gidatua egiteko aukera egongo da azaroaren 30ean edota abenduaren 14an, 18:00etatik 20:00etara. Bere obra azalduko du eta lanak egiteko erabilitako teknika ezagutu ahal izango da. Saioetan parte hartzeko aurrez eman behar da izena tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidean, plazak mugatuak izango dira eta.

Azaroaren 26 eta 27an, berriz, Azoka Solidarioa taldea Trianguloa plazan egongo da, egun osoz, garbiguneetatik errekuperatzen dituzten objektu ezberdinak saltzen. Lortutako dirua proiektu sozialetara bideratuko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!