Urratsak ematea eskatu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 21a, 14:37

Asteburu honetan, Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan mobilizazioak antolatu dituzte Izan Bidea dinamikaren barruan. Tolosan, esaterako, 200 pertsona inguru elkartu dira argazkia ateratzeko. Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko urratsak ematea eskatu dute, "elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak emanez".

Goizean bizikleta martxa egin dute Trianguloa plazatik Tolosan zehar, eta eguerdian giza katea osatu dute Trianguloatik Zumardi Handiraino. Ondoren, bertan argazkia atera dute. "Guztion artean bidea egiteko" batu direla azaldu dute, "guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausoak" eman daitezen. Ondorengo pausoak ematea eskatu dute:

  • Larriki gaixo diren presoen kaleratzea
  • Urrunketa politikari amaiera ematea
  • Gradu-progresiboa aplikatzea, honi esker presoek euren etxeratze-prozesua abiatu ahal izango baitute.
  • Zigorrak batzea.
  • Bakartuak diren emakume presoak elkartzea.
  • Finean, salbuespen legedia bertan behera laga eta lege arrunta ezartzea.

"Une historiko batean aurkitzen gara", azaldu dute. "Batetik, Euskal Herri mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioek gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dutelako", esan dute, eta gaineratu: "Bestetik, bai Madrilen eta baita Parisen ere espetxe-politika aldatzeko borondate agertu dutelako lehenengo aldiz, nahiz eta eman diren urratsak, arnas-gune izanda ere, nahikoa ez izan". "Aukera" probestu beharra dagoela zehartu dute: "Badakigu, guk bultzatu ezean, errealitate hau guk mahaigaineratu ezean, haizeak astintzen ez duen bandera moduan, trapu bilakatu dela".

Asteburu honetan egindako mobilizazioek ere jarraipena izango dutela diote: "Bidean gara eta bidean gaude! Eta bide berean jarraituko dugu urtarrilaren 9an ere". Aurten ez da Bilbon data horretan manifestaziorik egingo, egungo egoera dela eta, baina deialdia egin dute herriz herri elkartzeko egun horretan, 17:30ean. "Bilbon egin ohi dugun moduan, urteko mobilizazio garrantzitsu eta jendetsuena izaten den hori, aurtengoan ere hala izan dadin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!